«Kopa irabaztean Ordizian egindako harrera ez dut inoiz ahaztuko»
Lanbidez galdaragilea da Jaun Perez (Zegama, 1986), baina errugbia da bere zaletasun nagusia. Ordizia Rugby Elkarteko lehen taldeko jokalaria da bera, eta harroin postuan jokatzen du. Baina Jaunen berezitasuna errugbian orain dela lau urte soilik hasi izana da. Lehen urteetan bigarren taldean trebatu ondoren, iaz bi taldeetan aritu zen, eta aurten talde nagusiko jokalaria da. Zegaman bizi den Santos Regil entrenatzaileak animatu zuen errugbian hastera, nahiz eta horretarako hain gustukoa duen uso ehiza pixka bat baztertu behar izan.
Zerk egiten du berezi errugbia?
Badu harrapatzen zaituen zerbait: taldeko giroa, partida ondoren bi taldeak elkarrekin aritzea…
Errugbia ala ehiza?
Orain beharko errugbia izan, biak garai berdinean hasten dira eta…
Errugbi jokalari bat?
Xabi Lerma.
Zaletasun bat.
Errugbian jokatzeaz eta uso ehizaz gain, gustuko dut musean jokatzea.
Musika talde bat.
Juergan bakarrik entzuten dut musika.
Janari bat.
Tripakiak.
Edari bat.
Gynkasa.
Oporretarako leku bat.
Ibiza.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Kopa irabazi ondoren Ordizian egin ziguten harrera, nahiz eta min hartuta nengoelako ez nuen finala jokatzerik izan.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Azukre kilo bat.
Goierriko txoko bat.
Zegama.
Herriko alkate bazina…
Politika kontuei ez diet kasu handirik egiten.
Zegaman biziko ez bazina…
Galdera zaila da hori! Adibidez, Sakanako herri txikiren batean.