«Lana sortu beharra dago neguan ere jendea Santa Barbarara erakartzeko»
Iñaki Lizarraldek (Urretxu, 1971) bere bi afizioak –mendia eta ostalaritza– uztartu ditu Santa Barbarako proiektuan. Uztailean bi urte beteko dira Lizarraldek eta Manex Buronek Urretxuko Santa Barbara jatetxea eta aterpetxea hartu zutela.
Hasierako proiektua abian jarri dute bi urte hauetan, eta egindako lan eskergaren ordainetan «lehenengo emaitzak» jasotzen ari direla dio Lizarraldek.
Zein proiektu jarraitu duzue Santa Barbararako, orain bi urtetik hona?
Gure hasierako asmoa izan da beti, ostalaritza lantzeaz gain, aterpetxea benetan martxan jartzea. Herriak inbertsio handia egin zuen bertan, eta horri aurre egin behar zaio nolabait. Ikastetxeak, kuadrillak, familiak… erakarri nahi ditugu bertara. Gainera, herritarrei lekuaz gain, beste zerbait ere eskaini nahi diegu gerturatu daitezen.
Adibidez?
Santa Barbara, bai? egitasmoa daukagu martxan iaztik. Bere baitan haurrentzako eta helduentzako tailerrak, kultur ekintzak, lehiaketak, bertso bazkariak, musika emanaldiak, bakarrizketa saioak… eskaintzen ditugu asteburuetan. Gainera, iaz Kale Gorrian aire libreko musika zikloa ere Santa Barbaran egin zen ekainean. Aurten ere errepikatuko da.
Aterpetxeari bizitza ematea izan da zuen benetako erronka. Lortu duzue?
Orain ari gara bi urte hauetan egindako lanaren emaitzak jasotzen. Bi ikastetxe izan ditugu jada, eta beste hiru gehiago etorriko dira ikasturtea amaitu bitartean. Horrez gain, Arabako Down Sindromea Fundazioko kideak ere izan ditugu, eta kuadrilla bat ere etorri da asteburu pasa. Gure burua ezagutzera emateko lan handia egin behar izan dugu, eta teknologia berriak ezinbestekoak dira horretarako. Facebooken gaude Santa Barbara aterpetxea izenarekin.
Zein da bi urte hauei begiratuta egiten duzun balorazioa?
Mantentzeko zaila den leku bat da Santa Barbara, eta proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoa da herriko elkarte eta eragile ezberdinen inplikazio handiagoa. Guk gure aldetik, lana sortu beharra daukagu bertan, udan ez ezik neguan ere jendea Santa Barbarara erakartzeko, eta horretan ari gara buru belarri.