Meak, adituen begietan
Garrantzia handia izan du Zerainen burdinaren ustiapenak. Gaur egunerainoko itzal historikoa, ekonomikoa, kulturala nahiz soziala utzi du meatzaritzak herrian. Ez da gutxiagorako, XII. mendean hasi eta XX. mendera arte iraun baitzuen jarduerak. Paisaia naturalean ere meatzaritzaren aztarna ugari topa daitezke. Horren lekuko da Aizpea ingurua; 150 hektareako eremuan ustiatu da burdina. Meatzariek sorturiko galeriak, kaltzinazio labeak, ikaztegiak, mina-zuloak, bolborategiak, biltegiak zein lokomotoraren erraiak ikus daitezke bertan.
Burdinaren Mendia bezala ezagutzen den eremu honetan jarri dute arreta Geologoen Elkargo Ofizialak eta SGE Espainiako Geologia Elkarteak. Herrialdeka urtero antolatzen duten Geolodía – Geologia Eguna Zerainen egingo dute etzi eta adituen eskutik irteera gidatua egingo dute Aizpea meategietara.
Geologia Egunaren helburu nagusia «geologia eta geologoen lana gizarteartzea da», antolatzaileen hitzetan. Zientziaren alor horretatik interes berezia duten lekuak aukeratzen dituzte, geologoen begietatik lurra hobeto ezagutzen laguntzeko. Geologia ondarearen garrantziaz eta eremu hauek zaintzearen beharraz sentsibilizatzeko beste modu bat da. Laugarren urtea da Gipuzkoan egun hau ospatuko dena. Geologiako hiru doktore dabiltza antolaketa lanetan: Arantxa Aranburu unibertsitateko irakaslea; Asier Hilario Zumaiakoflyscharen erantzule zientifikoa; eta Inma Mugerza hidrogeologian aditua. Zeraingo bisita egiteko Hector Fanoren kolaborazioa izango dute. Fano geologian lizentziatua eta meategietako ingeniaria da. Gertutik ezagutzen ditu Zerain eta Mutiloako meak, berak emango ditu azalpenak igandean.
Ondare aberatsa
Aizpeako meategien lehen erreferentziak topatzeko XII. menderaino egin behar da salto. Azken labeak, 1951. urtean itxi ziren. Mende guzti horietan zehar hainbat teknikekin eta modu ezberdinetan landu dira meatzeak. Jauntxoen jabego izatetik, meategien ustiatzaile enpresa ingeles bat lehenbizi, eta alemaniar beste bat izan ziren ondoren.
Inma Mugerzak azaldutakoaren arabera, igandeko irteeran ikusiko den gisan, ondare geologikoaz gain, gizarte ondarea, ondare historikoa eta ekonomikoa ere garrantzitsuak dira Zerainen. «Izan ere, meategiak martxan egon ziren bitartean inguruetako herrietako jende askok egiten zuen lan bertan», dio geologoak.
Aizpeako mineral aberastasunaren jatorria ulertzeko beharrezko da denboran 150 milioi urte atzera egitea. Urteak behar izan zituen Mutiloako domoak garatzeko, itxura biribila duen egitura geologikoa da. Gaur egun ikus daitezkeen erliebeak baldintzatu zituen. Domoaren inguruan gertaera mineralogiko ezberdinak izan ziren. Hidrotermalismoa deitzen den prozesuari esker, esate baterako, esfalerita, galena, zilarra, pirita nahiz barita mineralak sortu eta pitzaduretan kokatu ziren. Historian zehar ustiatu izan dira mirenal horietako asko, baina beste batzuk oraindik ezkutuan jarraituko dute ziurrenik.
Hector Fano geologoak hain ondo kontserbatuta dauden kaltzinazio-labeekin batera, minerala nola tratatzen zen azalduko du lekuan bertan. Gainera, minerala burdinoletara edo portu handietara eramateko, bagoneta eta kable nahiz errailez osatutako garraiobideen bidez nola ateratzen zen ere erakutsiko dute.
Beste hainbat leku ikusteaz gain, egokitze lanak eginda dituzten Polborina galerian sartu eta bere paretak miatuko dituzte. Galeriak duen itxura eta forma baldintzatu zuten zergatiak eta erabakiak «birsortuko» dituzte Fanoren laguntzarekin. Bide batez, aintzinako meatzariek eremu horietan aurkitutako ezaugarri geologiko eta mineralogiko ezberdinak ezagutzeko aukera ere izango da.
Aizpea inguruetan meatze lanek utzitako aztarnak bisitatuko dituzte. Baita Patricio Etxeberria enpresak aire zabalean egindako lanak bisitatu eta aztertu ere. Legazpiar enpresarena izan da Zeraingo mendietan egindako azken meatzaritza lana. Aitziber Makazaga Zeraingo Turismo Bulegoaren arduradunak azaldutakoaren arabera Aizpeako meategiak ezagutzeko aukera ugari dauden arren, «berezia izango da igandekoa, Hector Fano aditua arduratuko baita azalpenak emateaz». Zerainentzat eta, bereziki burdin ustiapenen historia jasotzen egin duten lanaren ondoren, «gustura» hartu dute Geologia Eguna Zerainen egiteko proposamena.