«Osinalde sarian parte hartzeak ilusio handia egingo lidake»
Aratz Igartzabalek (Gabiria, 1996) bertsozaletasuna odolean darama. Izan ere, Euxebio Igartzabalen iloba da.
Nolatan bertsolari eta bertsozale?
Familiaren eraginez naiz bertsolari. Euxebio Igartzabal osaba bertsolaria dut: umetan asko egoten nintzen bere etxean eta abesten entzuten nuen. Gainera, etxean beti egon da zaletasuna. Horretaz gain, Gabiria oso herri bertsozalea da: Osinalde saria dela, jaietako saioa dela…
Dirudien bezalako bertsozaletasuna al dago Gabirian?
Bertsozaletasun handia dago, bai. Euxebio, Iñaki Murua… eredu asko daude.
Bertso eskola ere baduzue.
Haurren bertso eskolako irakaslea naiz eta helduena ere badugu. Ostegunetan, zortzi lagun elkartzen gara: Antzuolako Aitzol Iturbe, ama Gabiriakoa duen Maialen Akizu urretxuarra, Mikel Asurabarrena, Jokin Murua, Oier Oiarbide, Endika Igartzabal, Gorka Maiz eta ni. Gaiak Euxebiok jartzen dizkigu. Berak zuzentzen du saioa. Bestela, berriketan denbora asko galduko genuke.
Zer dio zure osabak?
Oso pozik dago. Ilusio handia egiten dio gazteek bertsotan egiteak.
Nolako bertsolaria zara?
Besteren batek esan beharko luke… Umorea gustatzen zait, baina gai serioetan ere moldatzen naiz. Gehien gustatzen zaidana puntutara aritzea da. Dena den, lanik zailena dela uste dut.
Zein duzu gustuko bertsolaria?
Amets Arzallus, txapelduna, oso gustuko dut. Baina gehien gustatzen zaidana Iker Zubeldia da. Sakonean, berriz, Aitor Mendiluze. Dena den, asko ditut gustuko. Maialen Lujanbio eta Iturriaga ere bai, adibidez.
Lehiaketarik irabazi al duzu?
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi nuen, taldeka. Paul Iruretagoienarekin, Mikel Oriarekin eta Eneko Apalategirekin abestu nuen.
Zer iruditu zaizu aurtengo Osinalde saria?
Saio guztiak onak izan dira. Bertsolari gazte oso onak daude.
Aurten 18 urte beteko dituzunez, datorren urtean Osinalden parte har dezakezu.
Ez dago nire esku. Horretarako, deitu egin behar didate. Ilusio handia egingo lidake. Izan ere, umetatik ikusi dut. Iker Zubeldia, Alaia Martin, Iban Urdangarin… Gabirian entzun ditut.