Aire libreko fruitu eta barazki gehiago
Ikusi hutsean antza ematea zaila izaten bada ere, berez kanpoan landatu eta hazitako barazkiak gustuz zaporetsuagoak eta propietatez aberatsagoak dira. Eta banan-banan, postuz-postu, begiak erne izanez eta zuzenean ekoizleekin mintzatuz, guzti hauen berri izan daiteke. Atzo, esateterako, Altzagako Arantxa Lopetegik aire libreko patata zuen (kiloa 2 euroan); «Gabonetan erein genuen, eta aurten eguraldiak lagundu egin du» adierazi digu Joxe Mujika senarrak. Aramako Arantxa Zurutuzak berriz, etxeko marrubi ederrak ekarri zituen (6 euroan kiloa). Fruituekin segituz gereziak ere aipatu behar ditugu, Gabiriako Oñatibi Txikiko Mirenek ekarri zituen lehenak, goizekoak (4 euroan kiloa).
Estimazio handia izan zuen Azkoitiako Kurutziako tomateak. Negutegi handiak dituzte bereziki tomateak ekartzeko prestatuak eta iazko garai berean (iaz gaurko egunez) etortzen hasi da berriz ere Joxe Mari Uzin.
Landare eta lore saltzaileek bizi-bizi aritu ziren atzo ere. Goizeko freskura hizpide, ez baita orain horrelakorik behar barazkiak eta fruituak bere onena emango ba dute.
Hemengo lehen onddoak
Aste honetan ikusi ditugu bertan bildutako lehen onddoak. «Ni baino lehenago ikusi duenik izan da» aitortu digu umorez Patxi Aierbek, izan ere, bareek beren pasadizoko markak utziak bai zituzten salgai ziren 5 ale horietan.
Paraguaioak hasi dira
Kanpoko fruituen artean ere, astetik astera handitzen ari da aukera; orain paraguaioak ere eros daitezke (kiloa 4 eta 6,90 euro artean).
- Aste honetako prezioak