Ordiziako gaikako bilketa %79ra iritsi da, orain artean lortu den tasarik handiena
Larunbatean ospatuko den Birziklapenaren Mundu Egunaren atarian, Ordizian martxoko hondakinen gaikako bilketa %79koa izatera iritsi dela iragarri dute. Hamar hilabete bete dira aste honetan bilketa sistema aldatu zenetik eta edukiontzi bidezko borondatezko sistemarekin lortzen zen bereizte tasa bikoiztu baino gehiago egin da hilabetez hilabete. Orain arte lortu den bereizte tasarik handiena da %79koa. Ordiziako Udalaren ustez, lortutako datuek “eredugarri bihurtzen dute Ordizia herri iraunkorrago egiteko bidean”.
Urtarriletik martxora bitarteko bilketa datuak jasotzen ditu Sasieta Mankomunitateak kaleratutako azken txostenak. Hala urtarrilean %74 bildu zen gaika, otsailean %76 eta martxoan %79. Martxoko azkei datuei begiratuz, Ordizian 221.090 kilo hondakin jaso dira; horietatik 174.310 (%79) birziklatze guneetara bideratu dira, eta 46.780 kilo (%21) zabortegira. Datu horiek “herritarren ahaleginari esker” lortutakoak direla dio Udalak.
Martxoko hondakin bilketa datuak honakoak dira, gaika eta kiloka banatuta:
- Organikoa: 84.380 kilo
- Errefusa: 46.780 kilo
- Papera: 27.500 kilo
- Beira: 29.283 kilo
- Plastikoa: 22.060 kilo
- Kartoi komertziala: 6.880 kilo
- Arropa zaharrak: 3.125 kilo
- Sukaldeko olioa: 1.005 kilo
- Pilak: 77 kilo