Renfek barkamena eskatu eta barne ikerketa zabaldu du Ordizian gertatutakoagatik
Oihartzun zabala izan du hedabideetan eta sare sozialetan Ordiziako Renfe geltokian segurtasun zaindarien eta hainbat bidaiariren artean maiatzaren 1ean izandako eztabaidak. Bidaiariek euskaraz egin ondoren, segurtasun zaindariek gazteleraz eginarazi nahi izan zieten. Ertzaintzari ere deitu zioten, eta azken hauek ere gazteleraz hitz egiteko eskatu zieten “errespetuagatik”. Eztabaida ezerezean geratu zen, baina, bidaiarietako biren datuak jaso zituzten ertzainek.
Herritar talde horrek salaketa-gutuna argitaratu zuen atzo Berria egunkarian, gertaturikoa salatuz. Hainbat hedabideetan zein Facebook eta Twitter sare sozialetan azkar zabaldu zen berria, eta hainbatek Renferi kargu hartu diote. Tren konpainiak, Twitterren duen kontuaren bidez, barkamena eskatu zuen. Gazteleraz idatzitako txioan, gainera, Renfek gertaturikoa argitzeko ikerketa martxan duela azaldu dute.