San Isidro egunean, baserritarrak festan
Nekazarien eguna ari dira ospatzen, gaur, Goierriko herri askotan. Egunean zehar Ataunen, Gabirian eta Zaldibian dituzte ospakizunak, eta gauean toki gehiagotan elkartuko dira baserritarrak, afaltzeko.
Ataunen, Aia auzoan aurten, ohiko herriko barazki eta ziza erakusketa lehiaketa egin dute. Barazkien atalean lau nekazarik jarri dituzte postuak, eta lehenengo saria Pili Eskisabelek eskuratu du. Zizen arloan, hiru saskikada eraman dituzte, eta Migel Mari Jauregik bildutakoari eman diote lehenengo saria.
Ataundar baserritarren arteko bazkaria Aiako Haitzarri elkartean egin dute. 50 bat lagun elkartu dira.
Gabirian, berriz, meza ondoren idi dema erakustaldia izan dute nekazariek, Korta jatetxearen aurrean. Jose Inazio Soraluzeren idi pareak —lehenengo aldiz gaur atera dira plazara— eta Karlos Mujikarenak 20na minutuko lana egin dute. Mujikaren uztarriak 34 plaza osatu ditu, eta Soraluzerenak 26. Ahari jokoa eta animalia erakusketa ere izan dira.
Bazkaria Korta jatetxean bertan egin dute gabiriarrek, bigarren urtez jarraian. Zaldibiako Zelaa jatetxean elkartu dira.