«Biolinak soinu oso gozoa du eta errepertorio zabala eskaintzen du»
Martin Kortaberria (Lazkao, 1999) 3 edo 4 urterekin hasi zen biolina jotzen. Egun, Xabier Sarasola beasaindarra eta Catalin Bucataru errumaniarra dira bere maisuak.
Nolatan musika zaletasuna?
Gurasoak musika zaleak dira eta hasieratik saiatu ziren ni ere zaletzen. 3 edo 4 urte nituenean lehen biolina erosi zidaten, eta 6 urterekin biolin eskolak hartzen hasi nintzen.
Zaila al da biolina jotzen ikastea?
Ariketa errazekin hasi nintzen eta lehen pieza zaila 10 urterekin ikasi nuen. Bach-en bi biolinentzako kontzertua da ikastea gehien kosta zitzaidana.
Zeintzuk izan dira zure irakasleak orain arte?
6 urterekin Donostiako Orfeoian jotzen hasi nintzen eta 8rekin Beasaingo musika eskolan. Egun, Beasainen Xabier Sarasolarekin aritzen naiz, eta Catalin Bucatarurekin. Musikeneko irakaslea ere bada.
Musikari profesionala izan nahi al duzu?
Aukeretako bat Musikenera joatea da, baina Bucataruk argi eta garbi esan dit hango exijentzia maila orain arte ezagutu dudana baino askoz ere handiagoa dela.
Kontzertu asko egin al dituzu orain arte?
Donostiako Orfeoian hiru hilabetean behin kontzertu bat egiten dugu. Gainera, iazko maiatzean bakarkako lehen kontzertua egin nuen Beasainen.
Zeintzuk dituzu gustuko konpositoreak?
Lehen barrokoa gustatzen zitzaidan batez ere: Bach, Haendel… Egun, ez dut konpositore bat bereziki gustuko.
Gustuko obra?
Mendelssohn-en Udako gau bateko ametsa, adibidez.
Zergatik duzu horren gustuko biolina?
Bere soinua oso gozoa da eta errepertorio zabala eta atsegina du.