Etzi egingo dute Seguran Errebote eraikinaren inguruko herri kontsulta
Ezti egingo dute errebote eraikinarekin zer egin erabakitzeko herri kontsulta Seguran. 09:00etatik 19:00etara jarriko dituzte mahaiak herritarre proposamenak jasotzeko. Udalak adierazi duenez, kontsulta asteartera arte luzatuko da, eta hala, igandean parte hartzerik ez dutenek, astelehenean eta asteartean izango dute aukera.
Parte hartzearen aurretik herritarrek iradokizunak egiteko beharrezko informazioa izan dezaten, udalak zenbait ekitaldi antolatu ditu azken asteetan, tartean, joan den ostegunean egindako herri batzarra.
Eraikinaz jakin beharrekoa
Aurreko ostegun arratsaldean egindako batzarrean, Eluska Gerriko alkatea eta hirigintzako batzorde burua; Asier Alustiza zinegotzia; Josune Martinez herritarren iritziak jasotzeaz arduratu den pertsona; eta Juanma Saez de Iturrioz Segurako udal arkitektoa izan ziren. Batzarrera gerturatu ziren 32 herritarrei eraikinaren inguruko informazioa eman zieten, kontsultaren aurretik nahikoa informazio izan zezaten.
Eraikinak arazo dezente dituela azaldu zuten; esaterako, hormetako arrailak eta hezetasun arazoak dauzkala esan zuten. Edonola ere, argi utzi zuten eraikinak ez daukala erortzeko arriskurik, eta arazoak konpondu daitezkeela. Nolanahi ere, guztia txunkuntzeak dezenteko inbertsio izango lukeela adierazi zuten.
Bestalde, herritarrek eraikina botatzeko nahia adieraziko balute, eraistea ez litzatekeela berehalakoa izango azaldu zuten udal ordezkariek. Eraikinaren fitxak egin daitezkeen esku hartzeen artean ez du biltzen botatzea, hori dela eta, azkenik, erabaki hori hartuko balitz, Eusko Jaurlaritzarekin tramiteak egin beharko lirateke, eta horrek,noski, denbora emango luke.
Udaleko ordazkariek ez zuten eraikinarekin zer egin iradoki; Gerrikoren hitzetan, «herritarrei dagokie eraikinarekin zer egin iradokitzea», eta ez dute euren proposamenetan eragin nahi izan; «soilik informatu egin ditugu», zehaztu du.
Haurrekin lanketa
Kontsultaren aurreko jardueren barnean, eskolako haurrekin gaiaren inguruko lanketa antolatu dute gaurko. Zikloka banatuko dituzte gelak, eta Asier Alustizak eta Eluska Gerrikok kontsultari buruz hitz egingo diete. Gerrikoren hitzetan asmoa umeei «herritarren parte hartzearen garrantzia ulertaraztea da, txikitatik herritar aktiboak izatera anima- tzea». Era berean, Errebote eraikinaren ingurua umeen jolaslekua den aldetik, euren iritzia eta ideiak entzutea «baliagarria» izan daitekeela adierazi du Segurako alkateak.
Horrez gain, Josune Martinez herritarren iritziak biltzen aritu da aste hauetan; sektoreka jendearen zalantzak eta iritziak entzun ditu, eta hain justu ere, bihar, kontsultaren bezperan, utziko dio iritziak biltzeari.