«Nepal India eta Txina erraldoien artean harrapatutako herrialdea da»
Iker Igartua Iguart (Urretxu, 1984) dentistatik atera berritan dator elkarrizketaren hitzordura. Bigarren azkenagina atera diote. Aurrekoa Nepaleko mendien garaian atera zion xerpa-dentista batek, zerua gertutik ikusten zuen bitartean. Ingeniaritza mekanikoa ikasketetako azken azterketak prestatzen ari zen orain bi urte Igartua, eta liburutegian zegoela, testu liburuetatik ihes egin nahian edo, Nepali buruzko liburu bat hartu zuen.
Iker Igartua Iguart (Urretxu, 1984) dentistatik atera berritan dator elkarrizketaren hitzordura. Bigarren azkenagina atera diote. Aurrekoa Nepaleko mendien garaian atera zion xerpa-dentista batek, zerua gertutik ikusten zuen bitartean. Ingeniaritza mekanikoa ikasketetako azken azterketak prestatzen ari zen orain bi urte Igartua, eta liburutegian zegoela, testu liburuetatik ihes egin nahian edo, Nepali buruzko liburu bat hartu zuen. Orriak pasatu ahala orriak bidaia bilakatu ziren. Ikasketak amaitu eta Nepalera joan zen. Gaur, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean Nepaleko Solukhumbu lurraldean, xerpen lurraldean, ateratako argazkien erakusketa inauguratuko du, 19:00etan.
Orduan, Nepalera edozein joan al daiteke?
Niretzat, liburu harekin topo egin arte behintzat, Nepal dokumentaletan ikusitako toki zoragarria zen, urrunekoa eta ezinezkoa, hara joateko baliabide asko eta trebakuntza sakona behar zela uste nuelako, baina erratuta nengoen. Ibilbide samurrak egon badaude eta joan-etorriko hegaldia 600 euroan erosi nuen.
Ikasketak amaitu eta berehala joan zinen.
Bai. Ikasketak amaitu eta ondoren zer egingo duzunaren galdera mitikoa burura datorkizun unean agertu zen bidaiaren aukera. Nepalera nire buruarekin egotera joan nintzen, nonbait.
Zure kasa ala gobernuz kanpoko erakunderen batekin joan zinen?
Gobernuz kanpoko erakunde baten bila hasi nintzen, baina bilaketa etsigarria izan zen; erakunde gehienek enpresak ziruditen, burokraziaz eta hierarkiaz josita zeuden. Lanera joateko pagatu egin behar zenuen kasik. Azkenean, Google bilatzailearen enegarren orrialdean Be Human Nepal erakundearekin egin nuen topo. Bestelako itxura hartu nion, hasteko eta behin egitura urria zuen: hiru langile baino ez ginen. Ura eraman nahi zuten hainbat tokitara, eta ni ingeniaria naizenez lagundu ahal niela pentsatu zuten. Solukhumbun, Everest mendiaren magalean, lan egingo nuela jakiteak biziki erakarri ninduen.
Katmandu hiriburura iritsi zineneko eguna nolakoa izan zen?
Sekulako shock-a izan zen. Aireportuko pista hondarrezkoa zen, kalean zabor andana zegoen, higiene falta agerikoa zen… Indiako irudiak ekarri zizkidan gogora. Hirian elektrizitatea zortzi orduz baino ez daukate, beraz, jatetxeetan hozkailurik ez dago. Ur hornidura ere euriak ematen duen bestekoa da, hau da, teilatuetan jarritako ontziekin jasotzen dutena amaitzen denean, akabo ura! Katmandu beste mundu bat da, denboran atzera egitea bezala da. Hiriburua horrela bada, pentsa Nepaleko nekazari eremua nolakoa den… Badago, halere, turisten auzo bat Katmandun; argi sorgailuak dituzten tabernak eta mendebaldeko produktuak dituzten supermerkatuak daude, besteak beste. Baina auzo hori ghetto bat baino ez da.
Nola egin zenuen Katmandutik Solukhumburako bidaia?
Be Human Nepal erakundeko lagunekin pisu bat alokatu genuen Katmandun. Hiru hilabeteko alokairuagatik 50 euro ordaindu nituen, sagardotegi gau bat bezala! Han pare bat aste egin genituen, auzo budistan, hain zuzen. Autobusez abiatu ginen Solukhumbura eta laneko tokira iristeko hiru eguneko ibilaldia egin genuen.
Behin tokian zein izan zen zure lanaren ardatza?
Hamar etxetara ura eraman genuen. Hoditeria sartzeko lana oso zaila izan zen, orografia malkartsua delako. Bi iturburuetatik zetorren urarekin bi uharka egin genituen, oso txikiak biak, eta handik eraman genuen ura etxeetara. Dena dela, guk proiektuaren diseinua egin genuen eta aurrekontua ezarri, 5.000 eurokoa.
Lana nork egin zuen?
Bertakoek egin zuten. Material guztiak Katmandutik eraman behar ziren, eta zamaketa lana erebertakoek egin zuten. Hangoen bizimoduaren oinarria baratzea eta animaliak dira, eta ez badituzte zaintzen ez daukate zer jan. Horregatik, zamaketa lan haiengatik kobratu egin behar zuten ezinbestean.
Nola lortu zenituzten 5.000 euroak?
Gertatu ahal zen onena gertatu zen. Bueltan, ur enpresa bat daukan Suitzako gizon batek gure proiektuaren berri izan zuen eta 5.000 euroak eman zizkigun. Baldintza bakarra jarri zigun: egindako lanari bere izena jartzea. Nepaleko intsentsua eta bestelako gauzak saltzen bi urtean ere ez genuke diru hori guztia bilduko.
Aurreko apirilean hamahiru xerpa hil ziren elur-jausi batek harrapatuta Everesteko oinarrizko kanpalekuetara zihoazela. Albistea entzunda zer pentsatu zenuen?
Entzun nuen xerpa bakoitzeko 400 euro eman nahi zizkietela familiei, eta familiek laguntza horri uko egin ziotela. Turista batek 10.000 euro ordaintzen ditu Everestera igotzeagatik. Aldea itzela da, eta lotsa sentitu nuen. Nire ustez, mendebaldekoek astoak izango balira bezala ikusten ditugu nepaldarrak, gauzak eramateko animaliak. Hierarkia bistakoa da: turista, gida, eta zamalanak egiten dituena. Turista batek hilabete bat egin dezake xerpa berarekin, eta haren izena ez ezagutu. India eta Txina erraldoien artean harrapatutako herrialde txikia da Nepal, eta mendiak eta budismoak erakarritako turismotik bizi dira.
Zein arrasto utzi dizu bidaiak?
Arrasto sakona. Hizkuntza sinplea erabiltzen dute, aditzek ez dute denborarik, eta erraza da ikasteko. Bizimodua ere soila da. Guk harrotasun handia daukagu, pobreei laguntzera goaz eta eurek laguntzen diote gure espirituaren pobretasunari.
Paisaiez gain, zer gehiago dago zure argazkietan?
Formatu handiko argazkiak eta sei horma-irudi daude. Argazkietan paisaiak dira nagusi, eta muraletan bestelako informazioa gehitu dut –budismoa, Be Human Nepalen proiektuak, geografia…–, bertakoen argazkiak ere bai.
The post «Nepal India eta Txina erraldoien artean harrapatutako herrialdea da» appeared first on Otamotz.