Urretxuko Udalak Aparizio eta Pagoeta auzoak berpiztu nahi ditu
Legealdi honetan Urretxuko Udala herriko auzo ezberdinetako bizilagunekin elkartzen ari da euren beharrak ezagutzeko. Aste honetan Aparizio eta Pagoeta auzokoekin bildu dira udal ordezkariak eta Oihane Zabaleta alkateak gogoratu duenez, lehen bilerak duela bi urte egin zituzten: «Bilera hauek duela bi urte hasi genituen. Hasieran bizilagunek eskatzera joaten ziren, baina pixkanaka parte hartzearen kulturan murgildu dira».
Legealdi honetan Urretxuko Udala herriko auzo ezberdinetako bizilagunekin elkartzen ari da euren beharrak ezagutzeko. Aste honetan Aparizio eta Pagoeta auzokoekin bildu dira udal ordezkariak eta Oihane Zabaleta alkateak gogoratu duenez, lehen bilerak duela bi urte egin zituzten: «Bilera hauek duela bi urte hasi genituen. Hasieran bizilagunek eskatzera joaten ziren, baina pixkanaka parte hartzearen kulturan murgildu dira».
Aparizio auzoan egin zituzten lehen bilerak «oso gogorrak» izan zirela aitortu du. «Auzoa herrigunetik aparte dago, ez zeuden udal ordezkariekin elkartzera ohituta eta errezeloa zuten». Egun, ordea, hartu-emana «oso ona» da. «Eurek gauzak eskatzen dizkigute eta guk eurei ere bai. Irtenbideak proposatzeko eskatzen diegu».
Aparizioko bizilagunen arazo nagusietako bat ArcelorMittal enpresa da, «oso gertu» baitute: «Balkoiko barandatik trapua pasatzen duten bakoitzean, beltza gelditzen da. Arazo honek irtenbide zaila du, baina enpresak ordezkari bat bidali zuen asteazkeneko bilerara eta hori aurrerapauso bat da», esan du Zabaletak.
Bizilagunek etxeetako aurrealdeak margotu nahi dituzte eta udalak enpresarekin akordio batera heldu nahi du. Zabaletak azaldu duenez, «enpresak laguntzea» nahi du udalak; «izan ere, aurrealdea beltza dute eta atzealdea zuria, eta horrek argi erakusten du enpresaren jardunaren eragina. Duela 20 urte auzoko langabetuek margotu zuten eta oraingoan ere hala izatea gustatuko litzaiguke. Gainera, bizilagunei kutsadurari buruzko datuak ematen dizkiegu».
ArcelorMittalekin zerikusirik ez duten arazoak ere badituzte. «Espaloia berritzeko eskatu digute, baina bidegorria ere badutela erantzun diegu. Ondo hartu dute. Kale garbiketarekin eta landareekin zituzten arazoak konpondu genituen, argiteria hobetu genuen…», zehaztu du alkateak.
Bestalde, Aparizioko bizilagunak Auzobusarekin «oso gustura» daudela dio: «Asko erabiltzen dute herrira gerturatzeko, eta hasierako ordutegia aldatzeko eskatu ziguten. Ospitalera doan autobusa ere erabili dezaketela esan genien, baina Auzobusa doan da eta bestea ez. Kontuan izan behar da, gainera, bizilagun gehienak adinekoak direla».
Oihane Zabaleta (Alkatea):
«Urretxuarrek Aparizio ezagutzea nahi dugu
eta festa bat antolatzeko eskatu diegu»
«Pagoeta auzoan lokalen alokairua bultzatzeko
diru-laguntzak lortu nahi ditugu»
Auzo honetako urretxuarrek beste eskaera bat ere badute: Gurutze Gorriak erabili zuen eraikina bizilagunen bilgune izatea. «Eraikina udalarena da eta bertan liburutegi bat eta haurrentzako jolasak jartzea gustatuko litzaieke. Baietz esan genien».
Urretxuar asko ez dira sekula Aparizion egon eta udalak auzo hau ezagutzera eman nahi du. Horretarako, auzotarrei festa bat antolatzea proposau die udalak. «Auzoa duela 53 urte egin zuten eta bertan Irimo enpresan lan egitera etorritako etorkinak bizi dira. Aniztasun kulturala lantzen ari gara eta Aparizioko bizilagunek ere euren jaioterrietako gastronomia eta kultura erakustea nahi dugu», esan du Zabaletak.
Pagoeta auzoa
Pagoeta auzoko bizilagunek ere badituzte eskaerak, askok dolarraren auzoa bezala ezagutzen zenak behera egin baitu azken urteotan, eta bizilagunek auzoa berpiztu nahi dute. Izan ere, azken urteotan 22 denda itxi dira: garai batean 57 denda eta taberna zeuden eta egun, berriz, 35.
Udala hutsik dauden lokalen erabilera bultzatzen saiatuko da, bai Pagoetan eta bai alde zaharrean. «Alokairua bultzatzeko diru-laguntzak lortu nahi ditugu. Bestalde, bizilagunekin zein negozio bultzatu nahi ditugun aztertu behar dugu: tabernak? Telefonia enpresen bulegoak? Fruta-dendak? Artisauak? Denetik egon behar dela uste dugu. Enpresa handiek, Carrefourrek eta Mercadonak, besteak beste, Irimoko industri gunean merkataritza-guneak ireki nahi dituzte, baina ezezkoa ematen ari gara».
Geltokietako jaietako batzordea ere berpiztu nahi dute. «Lehen jende askok parte hartzen zuen, baina festen antolaketa talde txiki baten eskuetan gelditu da. Oso aktiboak dira, baina jendea behar dute, eta Zumarragako Udalarekin batera, batzordea indartzen ahaleginduko gara».
Ipeñarrieta kale atzealdeko parkea ere berritu nahi dute, baina horrek luze joko du: «Menditik datozen urak gaizki bideratu ziren eta zorua sarritan altxatzen da. Orain arte partxeak jarri dira, baina ura ondo bideratu beharra dago. Horretarako, diru asko behar da eta oraingoz ez dugu. Pixkanaka, egitasmo horretarako dirua aurrezteko asmoa dugu».
The post Urretxuko Udalak Aparizio eta Pagoeta auzoak berpiztu nahi ditu appeared first on Otamotz.