Aldabe kooperatibak kudeatuko du Igartza datozen bi urteetan
Aldabe Zerbitzu Turistikoak Kooperatibak kudeatuko du Igartzako monumentu multzoa datozen bi urteetan, Beasaingo Udalarekin elkarlanean. Lehiaketara aurketzutako zazpi enpresen artean izan da aukeratua eta apirilaren erdialdetik lanean ari dira. Garbiñe Zurutuza udal zinegotziak azaldu duenez, “enpresa honek aurkeztutako proiektua izan da osoena eta udalaren asmoetara gehien gerturatu dena”.
“Aro berri bat ireki” nahi izan du udalak, Zurutuzaren esanetan, eta “aro berri horren oinarriak 2012an egindako parte hartze prozesua dugu eta bertan herritarrek markatu zituzten ildoak”. Kudeaketa berri honekin, “Igartza herrian barneratuta eta herritarrei irekita egongo da”, azaldu du udal zinegotziak. Horretarako udalarekin eta herritarrekin elkarlanean lan egingo dute Aldabekoek, Beasaingo kultura, turismoa, merkataritza, hezkuntza eta beste hainbat arlo lantzeko. Horregatik, elkarte, entitate eta herritar denei elkarlanerako deia egin diete.