Manolo Iturrioz eta Jose Migel Santamaria, prentsaurrean.
Europako Parlamenturako hauteskundeen atarian bagaude ere, Ordiziako EAJk hemendik urtebetera egingo diren Udal Hauteskundeetarako zerrendaburua aurkeztu du gaur arratsaldean Ordizian. Hain justu ere, Jose Migel Santamaria izango da EAJren hurrengo alkategaia.
Manolo Iturriozekin batera agertu da gaur arratsaldean prentsaurrean Santamaria. Alderdiaren babesa eskertzearekin batera, “gogo eta ilusioz” dagoela azaldu du eta beretzat “ohore bat” dela berriro ere alkate gisa aurkezteko aukeratua izatea. Hain zuzen ere, 2007tik 2011ra alkate izan zen Santamaria, eta 2011tik zinegotzi da oposizioan. EAJk liberatu egin du zerrendaburu izendatu duen egunetik.
“Ordiziako interesak defendatuz”, berriro ere alkate izatea gustatuko litzaiokela adierazi du: “Alkatetza gauza zoragarria izateaz gain, asko disfrutatu nuen”, esan du. Defendatuko duen udal proiektuan “pertsonak” ardatz izango direla ere ziurtatu du. Alkate aukeratua izanez gero, ideiak kontrastatuko dituztela eta protagonismoa herritarrei emango diela ere aurreatu du. “Garrantzitsua da herritarrekin batera aurrera egitea, horretarako gertutatsuna funtsezkoa da”, esan du. Hurrengo legealdirako EAJren bi zutabe nagusiak “susperraldi ekonomikoa eta ordiziarron bizi kalitatea” izango dira.
Manolo Iturriozen arabera hautagai “onena” izango da Santamaria. “Herritarren zerbitzura egongo den gobernua osatzeko asmoz dator, babesa jasotzen badu. Bilduren gobernuaren alternatiba izango den talde buru izango da”, esan du Iturriozek.