Legazpi, konpostari buruzko ordenantza duen lehen udalerria
Legazpiko Udala hondakinen sorkuntzaren prebentzioan eta horien kudeaketa hobetzeko lanean ari da. Azken neurria konpostari buruzko ordenantza arautzea izan da. Mota honetako ordenantza duen Euskal Herriko lehen herria da.
Auzokonpostaje egitasmo pilotua 2012ko martxoan jarri zuten abian eta 19 familia ari dira parte hartzen. Proiektua gainontzeko auzoetara zabaldu aurretik, ordenantza lantzea erabaki du. Helburua, konpostajea modu kontrolatu eta ordenatuan egitea da.
Nazioartean asko dira konpostajearen eta auzokonpostajearen gaian eskarmentu handia duten herrialdeak. Legazpiko Udalak herrialde horietako guztietako instalazioak, ereduak, prozesuak, emaitzak eta araudiak aztertu ditu.
Horietan guztietan oinarrituta, konpostagailuz osatutako guneak jartzea erabaki du. Dagoeneko 400 familiak eman dute izena eta udalak aurten lau gune gehiago jartzeko diru-laguntza eskatu du.