Legorretan oroimen historikoa berreskuratzeko lanketa egingo dute
Legorretako Udalak oroimen historikoa berreskuratzeko ekimena abian jarriko du. Proiektua bihar aurkeztuko dute jende aurrean, 19:00etan, Patxi Ezkiaga Kultur Etxean. Udalak aurreratu duenez, bi ikerketa talde eratuko dira, eta urtebeteko epean burutuko dute lana. Frankismoaren herriko historia, legorretarren kontakizunak eta oroimen kolektiboa jasoko dituzte. Biharko aurkezpen ekitaldira Esti Amenabarro gonbidatu dute, Villabonako (Gipuzkoa) Aritza kultur elkarteko kidea.
Ikerketaren emaitzekin Legorretako bilakaera historikoa ezagutu nahi da. Errepresioaren mapa osatuko dute, eta frankismoak gaur egungo historian zer «traszendentzia» izan duen aztertuko dute. Bestetik, emakumeen testigantzak biltzen saiakera berezia egingo dute, bizi izandakoak euren ahotik entzunez.
Dokumentala egingo dute
Bi ardatz horiek lantzeko lantaldeak lanean diren bitartean, hirugarren talde batek legorretarren elkarrizketa guztiak bilduko ditu, eta erreportaje bat landuko du informazioarekin. Dokumental bat egiteko ideia dago.
Legorretako Udalarentzat «oso proiektu garrantzitsua» dela aitortu du Bakartxo Mendez alkateak. Udalaren laguntzaz eta babesaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren planean kokatzen da.