![arantxa_iparragirre[1]](http://goierri.hitza.eus/site/files/2014/05/arantxa_iparragirre1.jpg)
Ezin esan iazko udaberria erreferentziatzat hartzeko modukoa izan zenik, euriz aspertuta bukatu baikenuen. Aurten ordea, tamaina politean doaz egun eguzkitsu eta euritsuak, eta azokak dira horren adibide. Izan ere, udaberri beteko produktuen aukera aparta dago. Batzuk landatzen ari diren momentu berean, zenbait postutan jadanik produktu horiek jateko prest dituzte, negutegiak lagun; hala nola, tomatea edo atzo bertan Arantxa Iparragirreren mahaian ikusi genituen lehen kuiatxoak (kalabazina) eta luzokerrak (pepinilloa). Aire libreko azenarioak eta erremolatxa ekartzen hasi da Arantxa Zurutuza; marrubi bikainak ere salgai ditu.
Fruituen artean, marrubiak edota gereziak ere eder askoak ikusi genituen aukeran, bai Goierri bertakoak (Gabiriako Oñatibi txikikoak) eta baita Etxaurikoak ere, plaza inguruan jarri ohi diren saltzaileen postuetan. Goierriko alerik ikusi ez duguneko urteak gerta ohi diren moduan (2012koa esate baterako), aurten gerezi urtean gaudela dirudi.
Zainzuriak, sasoi betean
![batabia_azenarioak_1[1]](http://goierri.hitza.eus/site/files/2014/05/batabia_azenarioak_11-300x168.jpg)
Brokoli, azalora eta gisa horietakoen garaia pasatu da, baita Nafarroako orburuena ere; ikusten dira bakarren batzuk, baina ia azkenak. Orain zainzurien garaian gaude eta Nafarroako freskoak aukeran dira plaza inguratuz jarri ohi diren postuetan, eta baita plaza barnean propio jarritako stand-ean ere, hilabete honetako produktu protagonista.
Zizei dagokionean ere, arreta emateko modukoa da zenbat kilo inguratzen dituzten; atzo 500 kilo inguru ziren salgai, eta baita saldu ere! Jende asko propio etorri ohi da eta hiru postutan bizi-bizi joan zen salmenta, goizean goiz hasita. Onddoak eta zizahoriak ere aukeran ziren.