Santi Auzmendi jostun lazkaotarra hil da
Santi Auzmendi Agirre moda sortzaile eta jostun lazkaotarra gaur hil da, 73 uterekin. Lazkaon jaio zen, 1940an, eta Donostian garatu zuen ibilbide profesionala. Auzmendi denda, Askatasunaren Etorbidean, euskal modagintzaren ikurretako bat bihurtu zuen, denborarekin. Duela 44 urte zabaldu zuen, eta gizonezkoentzat nahiz emakumezkoentzat arropa diseinatu eta saldu izan du.
Kirol arloan ere jardun zen Auzmendi, eta 1980 inguruan hasi zen korrika. Atletismoan, 2003an Europako txapeldun izan zen, beteranoen sailean. 2005ean, Donostian jokatu zen beteranoen Munduko Atletismo Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen, 800 metroko lasterketan. 65 urtetik gorakoen Espainiako denbora-marka ondu zuen orduan, 2:24:57 minutuan utziz.
Modagintzarekiko zaletasuna txikitatik zetorkion. “Ni beti nire erara janzten nintzen, gustu oso pertsonala nuen. Amak ez zidan sekula lagundu janzten, eta beti neroni bakarrik ibiltzen nintzen arropak erosten”, kontatu zion Auzmendik 2006an Argia astekariari. “Hamalau urterako banuen trintxera fuksia granate erako bat, kolore nahasikoa, oso deigarria zena. Goierrirako janzkera arraro samarra zen nirea, eta kalean jende askok begiratzen zidan, barren egin ere bai”, gogoratzen zuen moda sortzaileak. Desberdintasun horrengatik “asko” sufritu zuen.
Lazkaotik Hernanira joan zen, nahiz eta lehenengo denda jaioterrian zabaldu zuen. Parisko, Londreseko eta Bartzelonako moda korronteak ezagutu zituen, bidaiatuta. “Moda hippyak erakartzen ninduen ni gehien, Ibizako festa giroaren hasierak, eta batik bat 68ko maiatzak”, kontatu zion Argia-ri. Parisko 68ko iraultza barrutik bizi izan zuen, han zegoelako.

Santi Auzmendi, 1997ko ekainean./Mikel Albisu–Goierritarra