Iker Zurutuza Lopetegi
(parte hartzailea)
Bosgarren urtez jarraian Zegama-Aizkorriko irteeran izan nintzen herenegun. Aurten helburu apalagoekin, prestakuntza gutxiagorekin iritsi bainaiz. Gaua trumoi artean pasa ondoren, eguna euripean argitu zen herengun. Gosaldu, taldekideak elkartu eta Zegamara. Beroketak amaitzerako atertu zuen eta maratoiari merezitako ongi etorria egin genion.
Irteerarako ama agurtu eta giro bikainean lasterketari hasiera zirraragarria eman genion: jendetza, musika, esataria, minutuko isilunea, kanpaiak…
Lasterketa lasai hartzeko helburua hartua nuen, eta halaxe joan zen, Otzaurtera arte ezagun ugariz inguraturik. Aratzera bidean sakabanatzen hasi ginen, eta Sancti Spiritura jaitsiera lasai egin nuen, ez erortzeak asko balio baitzuen. Koba inguruan, urteroko legez, izugarrizko giroa. Aizkorri igotzen hasi ginenean euria hasi zuen, baina igoera polita egin nuen nere doaietarako. Sentsazio onak nituen, eta nahi nuen denboraren barruan nindoan.Aitxuri igo eta jaitsiera berriro arriskurik hartu gabe.
Arbelarko zelaietan taldetxo bat osatu genuen, eta elkarrekin Urbiarako bidea egin genuen. Muskularki nekea nabaritzen hasita negoen eta ondo jaten eta hidratatzen saiatu nintzen. Andraitzko azken igoeran taldea apurtu eta bakoitza bere lekuan jarri zuen penditzak. Azkeneko jaitsiera luzea falta zen oraindik.
Lokatz asko zegoen eta arrisku handirik hartu gabe jaitsi genuen, pistan gehiago estutzen saiatuz. Hala ere, ordurako gorputzak agintzen zuen gehien, ia dena eman baitzuen. Helmugan esperotako denboran sartu nintzen, eta pozik.
Denbora aldetik orain arteko Zegama-Aizkorri pattalena izan bada ere, ez da izan gutxien disfrutatu dudana, jakitun bainintzen nire egoera fisikoa ez zela aurreko urteetakoa. Orain atseden hartzea dagokit, denboraldi luze baten ondoren, etxekoek, emazteak eta seme-alabek ere horrenbeste irabazi baitute.
Zorionak irabazleei eta beraien helburua lortu zuten guztiei. Eta, nola ez, antolatzaile eta ikusle guztiei, denon artean lortu baitugu lasterketa hau mundu mailako mendi lasterketetan erreferente bat izatea.
Ohore bat izan da aurten ere bertako partaide izatea eta ondo bidean datorren urtera arte.