Korrikalarien iritziak
Karmele Ormazabal
(Zegama)
«Andraitzera igo arteko tartea gogorra egin zait, baina Andraitzen asko gozatu dut. Herriko jende asko egon da animoak ematen eta eskertzekoa da gertutasun hori; baina tentuz ibili behar da, bestela airean eramaten zaituzte eta indarrak neurtu egin behar dira. Ahal bada, datorren urtean errepikatu egingo dut».
Prontxio Santoyo
(Ordizia)
«Oso lasterketa gogorra da, eta prestatuta joan naiz. Eguraldiak ez du askorik lagundu, baina jendearen jarrera zoragarria izan da. Muskularki ere uste baino hobeto bukatu dut eta etxeko proba izanda gustura nago esperientziarekin. Orain beste batzuek bizi behar dute nik bizitakoa, eta ez dut berriz parte hartuko».
Nuria Molina
(Urretxu)
«Eguraldiak ez du nahi bezainbeste lagundu, baina oso pozik nago egindako probarekin. Lehen aldia izateko neure buruari jarritako helburuak bete ditut, eta ahalko banu gustura errepikatuko nuke. Zaleek asko laguntzen dute, indarra ematen dute, eta ibilbide guztian zehar sortzen den giroa ikaragarria da».
Koldo Urrestarazu
(Lazkao)
«Eguraldia portatu zen azkenean, Aizkorri igotzerakoan euri pixka bat egin zuen, oso gutxi. Giro horrekin gorputzak hobeto erantzuten du korrikarako. Indartsu bukatu nuen. Hori bai, Andraizko jaitsiera arriskutsua zegoen; aurreko egunetako euriaren ondorioz. Ikusten ere jende asko zegoen».
Iban Ferreira
(Segura)
«Zegama-Aizkorri egin dudan lehen aldia izan da, eta uste baino hobeto sentitu naiz. Momenturen batean erretiratzea ere pentsatu nuen baina familiak, lagunek eta jarraitzaileek emandako animoek asko laguntzen dute. Aizkorrin pixkat deskantsatu nuen eta aurrera. Datorren urtean berriro, denbora hobetzera».