Langabetuentzako ikastaro berezia antolatu du Beasaingo Udal Euskaltegiak
Beasaingo Udal Euskaltegiak udako ikastaroak antolatu ditu aurten ere. Aurten, batez ere, garrantzia berezia izango du langabetuentzako alfabetatze ikastaroak. “Udaletxetik ahalegin berezia ari gara egiten lanpostu berriak sortzeko eta jendea hartzerakoan, inspekzionatzerakoan, euskaldun zahar askok inongo perfil edo oinarririk ez dutela konturatu gara. Jende horri aukera emate aldera sortu dugu kurtso berri hau”, azaldu du Aitor Larburuk. Kurtsoa doakoa izango da. 80 orduko ikastaroa izango da hau ere eta, gainerako ikastaroak bezala, ekainaren 26tik uztailaren 23ra izango da. Matrikula ekainaren 9tik 19ra egin beharko da. Emaiozu euskarari” lelopean, ABE, EGA eta bestelako hizkuntza eskakizunei erantzuteko kurtsoak antolatu dituzte, azterketak egiteko prestakuntza ere emango dute (1., 2. eta 3. mailakoak) eta alfabetatzeko ikastaro berri ere hau izango dira aukeran.
Ikastaro hauez gain, Udal Euskaltegitik egingo dituzten bi irteeren berri ere eman dute gaurko prentsaurrekoan: Ekainaren 10ean Arriarango urtegira joango dira autobusez, uraren prozesuak ezagutzera (doako bidaia izango da). Ekainaren 14an, berriz, ikasturtea amaitzeko, Oñatira joango dira. Goizean Arrikrutzeko kobak ezagutuko dituzte eta Arantzazura joango dira bazkaltzera. Gero Arantzazuko santutegia bisitatuko dute (6 euro kostako da pertsonako).
AitoLarburu lehendakariak eta Maripaz Martin zuzendariak aurkeztu dute udako egitasmo hauen berri gaur eguerdian, Udal Euskaltegian bertan, eta herritar orori ikastaroetan zein egingo dituzten irteeretan parte hartzeko gonbita luzatu diete.