Maider Gaztañaga ordiziarra txapeldun, Bilboko triatloian
Maider Gaztañaga ordiziarrak podiumaren goreneraino igotzea lortu zuen joan zen larunbatean Bilbon jokatu zen laugarren triatloiean. Helmugara 4.35:52 denborarekin iritsi zen Gaztañaga (Tolosaldeako TT taldea).
Aida Valiño triatleta galiziarrarekin buruz buru aritu zen ordiziarra lehen probatik. Igeriketa saioan garaile izan zen Valiño, Gaztañaga atzean utziz. Galiziarra lasterketa buruan izan zen bizikleta proban ere. Maratoi erdiaren 9. kilometroan lortu zuen Gaztañagak galiziarra aurreratzea; aurreratu eta podiumaren goreneraino iritsi zen.
Gaztañaga irabazle; Aida Valuño, bigarren; eta Ewa Bugdol izan zen podiumean hirugarren postua lortu zuen emakumezkoa.
Gizonezkoetan, Gustavo Rodríguez (Cidade de Lugo Fluvial) galiziarra izan zen garaile, 4.06:47 denborarekin. Fraser Cartmell izan zen bigarren, eta Alejandro Santamaria, hirugarren.
Hamar herrialdetatik iritsitako bostehun bat atletek hartu zuten parte. Triatloi honek 113 kilometro edo erdi Ironman luzera du. Igeriketako probarekin ematen diote hasiera, 1,9 kilometro egiteko. Ondoren, 90 kilometro bizikletaz eta beste 21 korrika.