Goiturrek euskal kazetarien bi erakunde nagusiekin lankidetza hitzarmena sinatu du
Gaur goizean Ordiziako Delikatuz zentroan Goiturrek Kazetarien Euskal Elkargoarekin eta Euskal Kazetarien Elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatu du. Hitzarmenak hiru erakundeen arteko elkarlanerako bide berriak zabalduko ditu. Sinaduran Lucia Martinez Odriozola Kazetarien Euskal Elkargoko dekana, Jesus Coteron Euskal Kazetarien Elkarteko Presidentea eta Igor Eguren Goiturreko lehendakariak parte hartu dute.
Hitzarmen honen harira kazetarien bi erakundeak prest agertu dira turismoa sustatzeko elkartearen –Goitur– aholkulari nagusiak izateko komunikazio gaietan. Igor Eguren Goiturreko lehendakariaren hitzetan elkarlana da akordioaren ardatza, “bi norabideko hitzarmena da: gure eskualdearen berri zabalduko dute eta guk kazetariei gure eskualdea ezagutzeko erraztasunak emango dizkiegu”. Lucia Martinez Odriozolak Euskal Kazetari Elkargoa sortu berri dutela esan du, aurreko otsailean hain justu, eta gaurkoa da elkargoaren izenean egin duen lehenengo ekintza ofiziala. Goiturri eskerrak eman dizkio aukeragatik eta gogoratu du, “kazetariok berriak zabaltzeko megafonoa gara. Hitzarmen hau aukera ona da Goierri Euskal Herrian eta kanpoan ezagutzera emateko”. Jesus Coteron Euskal Kazetarien Elkarteko presidentea da eta hitzarmen honen bidez 22.000 kazetariek Goierriren berri izango dutela esan du.
Hitzarmena ez dela “airean geratuko” esan du Egurenek, eta horren isla dira buruan duten ekintza zerrenda: kazetariei museoen sarrerarik ez kobratu, irteerak antolatu edota datorren urtean egin nahi duten turismo kazetarientzako nazioarteko jardunaldia, besteak beste.