Etxegarateren ordez Etzegarate erabiltzea hobetsi du Euskaltzaindiak
Euskaltzaindiko Onomastika batzordeak, Etxegarate izena duen mendateari buruzko txostena eman du argitara, eta bertan, Etzegarate aldaera erabiltzea hobesten du. Antonio Berasategi irakasle eta ikerlari idiazabaldarrak egindako ikerketa batean dago aldaketa horren oinarria. Bertako adineko jendeak, eta batez ere Urtsuarango bizilagunek, oraindik ere, portua izendatzeko ‘Etzeate’ izena erabiltzen zutela ikusi zuen. Ikertzen hasi eta hainbat dokumentu zaharretan ere, “z”, “zz” edota “ch” erabiltzen zirela ikusi zuen, eta gaztelaniazko erabileratik etor litekeela egungo “tx” hori.
Berasategik egindako azterketa oinarri hartuta, Idiazabalgo Udalak proposamena egin zion Euskaltzaindiari, eta honek, pasa den apirilaren 10ean aztertu zuen, Olatzagutian egindako bileran. Handik ondorioztatu dute jatorrizko izena Etzegarate zela, eta izen hori hobestea proposatu dute.
Euskaltzaindiak azaldu duenez, portu honi egiten zaion lehen aipamena 1208. urtekoa da; dokumentu horietan Eicagaratea izena aipatzen da; izen hori, egungo grafiara eramanda, Eitzagaratea izango litzateke. Hurrengo aipamena 1406koa da, eta bertan Eyçagarate adiera erabiltzen dute, Itzagarate ere izan litekeena. XVIII. mendean agertu zen hirugarren adiera, Etzegarate, alegia, orain erabiltzea proposatzen dena.
Ofizial egitea, udalaren esku
Txostena Idiazabalgo Udalari, Nafarroako Gobernuari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari igorri diete. Euskaltzaindiako iturriek azaldu dutenez, beraiei gomendioa egitea dagokie eta ez izen hori ofizial egitea. Horrenbestez, administrazio publiko horien esku geldituko da izen berria ofizial egin ala ez erabakitzea. Idiazabalgo Udalak, udalbatzaren osoko bilkuran aztertuko du gaia.
- Euskaltzaindiak argitaratu duen txostena: etzegarate_agiria