
Legazpiko Hegialde auzoan festak ari dira ospatzen atzotik. 1980ko hamarkadako jantziak soinean jarrita herri afaria egin zuten atzo, eta gaur kenpo kai erakustaldiarekin jarraitu du festak goizean. Haurrentzako parkea ere izan dute aukeran gaztetxoenek, eta nahiago zutenek auto telegidatuekin ibiltzeko aukera izan dute. Eguerdia pasata emanaldia egin du errondailak auzoan eta bazkaltzera bildu dira ondoren auzotarrak eta gonbidatuak. Arratsaldean jolasak izango dituzte umeek eta 18:00etan Korosti dantza taldeak herritarren aurrean egingo du saioa.
Bihar, igandea, izango da auzoko festetako azken eguna. 11:00etan umeen judo erakustaldia egongo da eta 16:00etan hasiko da goitibehera lehiaketa. Gaur ia prest zituzten neumatikoak errepide bazterretan. Goitibeheren saioa bukatuta hasiko da asto lasterketa, 20:30ean. Astelehenean barraketan ibiltzeko aukera ere izango dute umeek, salneurri merkeagoan, gainera.