Angel Vazquezi Quebrantahuesos zikloturista proban helmugara iristea eragotzi dio antolakuntzak
Angel Vazquez txirrindulari lazkaotarrak ezin izan zuen Quebrantahuesos zikloturismo proba bukatu, larunbatean, Sabiñanigon (Aragoi, Espainia). Lasterketa buruan lehendabiziko postuan eta bakarrik zihoala, Guardia Zibilak gerarazi zuen errepide bazterrean, probaren antolakuntzak hala eskatuta. Izan ere, Vazquezek dopinarekin izan dituen aferen ondorioz, lazkaotarrak Quenbrantahuesos laugarren aldiz irabaztea eragotzi nahi zuen antolakuntzak. Polemika, hala ere, azaleratu da, hainbat gai ez daudelako batere argi.
Batetik, Vazquezek parte hartzeko eskubidea bazeukan, eta aurrez antolakuntzak bere izena onartua zuen partaideen zerrendan. Aragoiko komunikabide batzuk esan dutenez, proba antolatzen duen Edelweiss txirrindulari elkarteko lehendakari Fernando Escartin txirrindulari profesional ohiak “eman” zion aukera hori, baldintza batekin: lehengo iristeko ez lehiatzea. Dopin kasuen ondorioz (2003an EPOrekin positibo eman zuen, eta 2011n Arrigorriagako triatloian berriz), triatloi federazioak biziartean lehiatzeko debekua jarria dio Vazquezi; badirudi, ordea, txirrindularitzan amateur mailan lehiatzeko eragozpenik ez duela, 2010ean bi urteko zigorra bete ondorenetik. Gaztela Leongo Txirrindularitza Federazioak emandako lizentzia ere badu, gainera.
Sabiñanigoko proba ospetsuan Vazquez lasterketa buru jarri zen, eta bakarrik zihoan helmugarantz, lehenengo iristeko itxura guztiarekin. Escartinek, autotik, bi aldiz eskatu zion Vazquezi geratzeko eta atzekoek harrapatzen uzteko, beti ere Aragoiko hedabideen arabera. Ezezkoaren ondotik, Guardia Zibilari eskatu zion partaidea gerarazteko. Tentsio uneak izan ziren, ez zuelako gelditu nahi. Azkenean, poliziek gerarazi, eta zainduta errepide bazterrean bukatu zuen. Aginteari men ez egitea eta guardia zibilei “mehatxuak” egitea leporatuta, Jacako auzitegian deklaratu beharko du, gainera, Vazquezek.
Vazquezek hiru aldiz du irabazita Quebrantahuesos proba (berez ez da lasterketa, zikloturista martxa baizik): 2009an, 2012an eta 2013an. Hirugarren aldiz jarraian lehendabizikoa izango zatekeen, larunbatean. Iaz ere polemika piztu zen, Vazquezen dopin kasuei arreta jarri baitzieten hainbat hedabidek, Sabiñanigon lehenengo izan ondoren.
Beste lazkaotar batek aurrean bukatu du. Aitor Artza 4. postuan iritsi zen helmugara, Rafael Perez aurrenekoarengandik 2:38 minutura. Goierritar ugarik parte hartu dute aurten ere Quebrantahuesosen, baita ibilbide laburragoa duen Treparriscos proban ere.