Goierriko LAB kalera aterako da uztailaren 2an, enpleguaren defentsan
“Negoziazio kolektiboaren blokeo egoeraren erantzule den Confebask patronalaren jarrera salatzeko eta instituzioei, Jaurlaritzari bereziki, egoera konpontzeko erabakiak har ditzala eskatzeko” elkarretaratzeak deitu ditu LAB sindikatuak datorren asteazkenerako.
Enpleguaren defentsan, hitzarmenak eskatuz, elkarretaratzeak egingo dituzte Donostia, Bilbo eta Gasteizen goizean. Arratsaldean, berriz, Goierriko delegatuek elkarretaratzea deitu dute Ordiziako plazan 19:00etan. Eskuorri banaketa ere egingo dute egoeraren berri emanez.
LABek denbora darama Confebaskek “elite txiki baten interesak baino ez dituela defendatzen” salatzen, enpresarien gehiengoa ez duela ordezkatzen edota euskal ekonomiaren beharrei “bizkar eman” diela salatuz.
Uztailaren 7an sortu zen egoera berriaren aurrean, negoziazio kolektiboaren defentsa enpresetara eramatea erabaki zuten. Enpresarien artean ere desadostasuna azaldu dutenak gero eta gehiago direla diote.