Goiturren online estrategia emaitza onak ekartzen ari da
Errotik aldatu dira azken urteetan kontsumo ohiturak, baita bidai eta ihesaldiak prestatzeko moduak ere. Internetek aldaketa sakonak ekarri ditu gizartean eta turismoan. Errealitate horren aurrean, Goiturrek orain dela urtebete norabidea aldatu zuen Interneten aldeko apustu estrategiko bat eginaz. “Turistengana iristeko eskaintzen zituen aukeren aurrean, Interneten jarrera proaktiboago bat hastea erabaki genuen”. Hala esan du gaur goizean Ion Ubide Goiturreko teknikariak Igor Eguren presidentearekin batera emandako agerraldian.
Hala, www.goierriturismo.com gunea goitik behera aldatu zuten, bai diseinuaren ikuspegi aldetik zein erabilgarritasun eta web arkitekturaren ikuspegitik ere. Ubidek azaldutakoaren arabera “sinpletasuna eta edukien argitasuna oinarritzat hartuz, erabiltzaileek informazioa modu errazean aurkitzeko web bat diseinatu genuen”.
Ahalik eta jende eremu zabalenera iristearren, webgune berria bost hizkuntzetan egina dago: euskara, gaztelera, katalana, frantsesa eta ingelesa. Urte honetan zehar emaitzak oso onak izan direla azaldu du teknikariak: bisita kopuruak %65,48 igo dira eta bisitariak 95 herrialdeetatik datoz.
Bisitari kopuruaren igoera hori turistak erakartzeko garatu duten estrategian oinarritzen dela diote. Horretarako, bi bide nagusi landu dituzte: wegbune espezializatuak eta bilatzaileak, Google batik bat. Erabiltzaileekin elkarrizketa mantentzeko berriz, sare sozialetan jarrira dinamikagoa izan dute.