Oporretako erritmoa hartu du feriak
Feriak ere udako oporren erritmoa hartu duela esan liteke. Atzo behitzat kosta egin zitzaion jendeari plazara inguratzea. Saltzaileak ordea, ez dira askorik harritu: «umeek oporrak hartu orduko antzematen da, beranduago etortzen da jendea». Ez dio kalterik ekartzen feriari, izan ere, betiko bezeroez gain, urtean zehar etortzeko aukerarik ez dutenak eta oporretan dabiltzan kanpokoak ere ikusi ohi dira garai honetan.
Eta uda garaia izaki, fruituen atalean aukera zabala zen atzo: andere mahats beltza, ahabia, india mahatsa, marrubi zuria eta lehenagotik zeuden andere mahats gorriak edota marrubiak. Denak Aramako Zurutuzaren postuan ziren aukeran, erosleen tentaziorako. Aran gorriak eta gereziak osatzen duten oraintxe dagoen hemengo fruituen eskaintza.
San Juan sagarrak ere estreinatu ziren (lehenak atzo, kiloa 2 eta 3 euro artean); San Juan bigarrenarekin bat egin zuen azokak ez zuen gutxiago merezi.
Barazkietan berriz, lehen alberjinia edota berenjena –negutegikoa– ekarri zuten, euroan bakoitza. Piparrei dagokionez, orain arteko italiar, pipermin, luze eztia eta gernikari piper morroa gehitu behar zaio; berdeak dira, «hemen gorritzea kosta egiten baitzaie» Patxi Arizmendik azaldu duenez (3,5 €/Kg).
Aire libreko zerbak ere hasi dira eta zerba gorriak ere bai, «ikusgarriak dira, salda ere gorritzen da egosterakoan, gustoz berriz antzekoak» Baliarraingo Irabiazpikoen arabera. Hainbat lorategi hornitzeko ikusi ohi dira, orain ferian salgai daude.
Azenarioa ereiteko garaia
Azenarioak ereitearen inguruan, aholku franko entzuten da ferian, urtetako esperientzia beraiekin baitute ekoizle-saltzaile askok. Atzo Kontxi Arizagak emandakoa: «San Juan hilbera da, oraintxe, azenarioa ereiteko garairik onena. Jateko bigunena eta goxoena izaten da, apirilean ereindakoa jaten ari gara ia, baino honen aldean, orain ereindakoa hobea».
12 hilabete 12 produktu
Bestale, 12 hilabete 12 produktu ekimenean, bukatu da gereziaren hila. Aldasoro jatetxeko Juanjo Martinezek atun azpizuna gerezi ozpinarekin prantatu zuen, berariaz plazan jarritako sukaldean.
- Aste honetako prezioak