Harrera jendetsua egin diote Eskisabeli Lazkaora iritsitakoan
Atzo 18:40an iritsi zen Anitz Eskisabel Barandiaran preso ohia Lazkaora, goizeko bederatzietan Topaseko espetxetik (Salamanca, Espainia) zigorra beteta atera ondoren. Ehunka herritar eta goierritar zain zituen ordurako. Udaletxe alboan kotxea geratu, eta plaza alboko Elosegi kalea jendez osatutako korridore baten erditik egin zuen, pilotalekuraino. Hunkituta eta negar malkoz egin zituen metroak.
Sei urteko zigorra bete du Eskisabelek, ETArekin lotura zuela eta Espainiako Auzitegi Nazionalak 2009an emandako sei urteko sententziagatik. 2010eko uztailean sartu zuten Topaseko kartzelan, eta lau urte igaro ditu han. Aurrez, 2005etik 2007ra ere preso egon zen, auzi beragatik. Zigorra osorik bete du, beraz.
Eguerdian Arbizun (Nafarroa) egin zioten harrera Eskisabeli, jaiotzez hangoa baita (sei urterekin aldatu zen Lazkaora). Guardia Zibilak presentzia egin zuen han. Lazkaon, lore sorta bat jaso eta Agurra dantzatzen ikusi ondoren, “laguntasun, elkartasun eta dena delako adierazpen guztiak” eskertu zituen Eskisabelek. Euskal preso guztiak kalera atera arte lanean jarraitu beharra dagoela gaineratu zuen.