Ataungo Akaitz Txiki-2 koba barrutik ikusi ahalko da bihar
Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak Aralarko beste harribitxi bat erakutsiko du, bihar. Akaitz Txiki 2 kobara espeleologia irteera antolatu du, Felix Ugarte Elkarteko adituen gidaritzapean.
Garapen erraza du leize barruko ibilerak. Formazio estalagmitikoak eta urtaroaren arabera aintzira bat ikus litezke, kare-harrizko barrunbean. Joxe Migel Barandiaranek Brontze Aroko zeramika hondarrak aurkitu zituen, kobaren sarreran.
Irteerara 12 urtetik gorakoak joan litezke. 16 euro da prezioa, eta aldez aurretik izena eman behar da, nahitaez (943 18 03 35, 688 895 069). Uretako botak, zira-prakak eta aldagarria eraman behar da. Kaskoa, argia eta eskularruak eurek emango dituzte.
Lizarrustitik 09:30ean abiatuko dira, Errekabeltzetik 10:30ean.