Uztailerako hotza, eguraldi zipotza
Uztailerako hotza, eguraldi zipotza. Hala dio esaera zaharrak, eta azokara iritsi orduko, halaxe agurtu gaitu Axun Etxeberriak. Izan ere, eguraldiak pisu handia du azokan, eta giro freskoa eta bustia, ez dira feriarako lagun egokiak. Salmentei dagokionean ere antzematen da, eta atzoko goiza ez zen nahi bezain bizi joan. Baratzeetako egoera kezka sortzen ari da: «herdoilari ezin eutsiz, tomateak larri, tipulak belzten, intxaurrak asko hartu zuten baina erortzen hasi dira…» eta horrelako makina bat entzun genituen. Baina bada beti eguraldi beltzari alde onik ikusten dionik ere: «eskerrak behintzak lekak eta zerbak ondo datozen».
Frutarekin lotuta, Idiazabalgo Kalbariokoa saltzen hasi da Amaia Alkorta. Edozein asteazkenetan Ordizian izaten bada ere, Amaiak fruta garaian soilik jarri ohi du postua, orain hasi eta abendu-urtarrila artean etorriz; batez ere sagarrak saldu ohi ditu, baina baita besterik ere. Aranak, esaterako: Fortuna motako aran gorri handia salgai du (2,5 euroan kiloa), baita aran hori eta aran gorri txikiak ere.
Kanpoko frutei dagokienez, gereziak garestitu dira; izan ere Aragoitik ekarri ohi dute gehiena, eta han botatako euriak kalte handiak eragin omen ditu, asko alperrik galduz. Ondorioz prezioak gora egin du 3,50 eta 4,50 euro artean.
Eta halako hezetasunarekin besterik espero bazitekeen ere, mikologia atala urri: onddoak, zizahoriak eta aurtengo lehen saltsa perretxiku beltzak ikusi genituen.
Ezohiko jakia, bertakotua
Zeraingo ostatuko Urki Balerdi sukaldariak jendearen jakinmina piztu zuen. Ez zuen ohiko jakia hautatu: Kus-kus delakoa prestatu baitzuen, baina bertakotuta, esan genezake. Izan ere «normalean egiten den bezala prestatuta, barazkiak puska handitan eta kuskusa aparte, jendeari ez zaio oso erakargarria egiten; horrela berriz errezago sartzen zaio». Eta hala egin zuen Baliarraingo Irabiazpiko Edurneri erositako azenario, porru, tipulin, leka, zerba eta kuiatxoak txiki txiki egin, oliotan pasatu eta jadanik egina zuen gari bihiari (kuskusari) nahastuta, paella bailitzan. Aitzakiarik gabea!
- Aste honetako prezioak