
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak 25 urte bete ditu aurten, eta hori dela eta, urtean zehar ekitaldi ugari antolatu ditu. Alabaina, ekintza horiez harago, urteurren ekitaldi berezi bat egin nahi izan dute, eta hala, iganderako hainbat jarduera antolatu dituzte herritarrekin batera mende laurdena ospatzeko. Historia jorratzen duen museoa izanik, egitarauan leku esanguratsua izango dute jarduera historikoek; nolanahi ere, bestelako ekitaldiak ere izango dituzte herritarrek igandean.
Musika doinuek emango diote hasiera museoaren egunari, 11:00etan Beñat Iturrioz txalapartariak saioa eskainiko baitu herriko txalapartari taldearekin batera. Ondoren, 11:30ean, bisita gidatu berezia antolatu du Zumalakarregi museoak; izan ere Ikus-berriz-bizi programaren baitan, Manu Izagirre arkitektoa gonbidatu dute museoan zehar bisita hori egiteko. Halaber, ordu berean, museoaren kanpoaldean, Ormaiztegi. Mila ta bat aurpegi paisaia bizidun tailerra egingo dute.
Historiarekin jarraitzeko, 12:30ean, Gipuzkoako lehenengo batailoiaren errekreazio historikoa egingo dute. 13:00ean, triki-poteo herrikoia egingo dute, herriko trikitilariekin; eta jarraian, 14:00etan, eliza ondoko karpan, herri bazkaria egingo dute. Bazkari horretara joateko txartelak aurrez erosi behar dira. Dagoeneko salgai daude Zumalakarregi museoan eta Ormaiztegiko taberna eta kafetegi guztietan.
Bazkalostean, 16:00etan, musika ikuskizuna izango dute. Bertaratuek Korrontzi musika taldearen Tradition 2.1 ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute eliza ondoko karpan.
Urteetako bilakaera
Zumalakarregi museoa 1989ko maiatzaren 12an inaguratu zuten. Iriarte-Erdikoa moduan ezagutua ordura arte, XVIII. mendeko Zumalakarregitarrena izan zen.
Museoak Foru Aldundiak erositako jeneral karlistaren hainbat objekturekin osatutako erakusketa batekin, dokumentu funts bilduma batekin eta zenbait erreprodukziorekin ekin zion ibilbideari.
Hasieratik egundaino izan du zer erakutsia museoak, baina ordutik hona, bilakaera itzela izan du; komunikatzeko modua, formatuak, teknologia eta bisitariek museoarekiko duten harremana asko aldatu dira.
Egun, besteak beste, museoaren bilduma ia 100 objektuz, 4.000tik gora dokumentuz, erreprodukzio ugariz eta fotokopiaz, ia 4.000 liburuz, 2.5000 grabatuz, garaiko 500 argazkiz eta 300 mapaz eta planoz dago osatuta, besteak beste.
Behinola izan zena baino askoz aktiboagoa da gaur, eta familientzako zein eskolentzako tailer didaktikoak antolatzen ditu. Horrez gain, material didaktikoa sortzen lan egiten du, eta umeentzako udalekuak ere antolatzen ditu. Zumalakarregi museoa informazio puntua ere bada, gainera, eta bertatik dinamizatzen dira herriko eta inguruetako ondarea ezagutzeko bisita gidatuak, Ormaiztegiko tren zubira, edota Mutiloa Ormaiztegiko bide berdera, kasu.
Orain arteko lana alde batera utzi gabe, museoak erronka berriak hartuko ditu bere gain, eta besteak beste, museoko katalogoa berrituko dute. Bertan, bi karlistadak zein Tomas eta Miguel Zumalakarregiren biografiak txertatuko dituzte.
Era berean, bildumako objektuen inbentarioa eguneratu egin behar dute, eta museoak 25 urte hauetan egindako lanak ikus-entzunezko batean bildu behar dituzte. Bistan da aurrera begira ere badutela zer egina Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak.