Ataun San Gregorioko festetan harri-tira saioa egingo dute neskek, irailean
Ataun San Gregorio auzoan abuztuaren azkenean eta irailaren hasieran ospatuko dituzte festak, ohitura duten legez. Bi ekitaldi berezi, behintzat, izango direla aurreratu du Jai Batzordeak.
Batetik, emakume tiralarien saio bat antolatzen ari dira. Abuztuaren 31n izango da, igande arratsaldean. Harri-tira saiorako zortzi neskako taldea osatu nahi dute, eta izena eman behar da. Bihar bukatuko da horretarako epea. Troskaeta eta Sutegi tabernetan, edo Errotaundi okindegian apuntatu behar da.
Zortzikoteak 550 kiloko pisuko harria erabiliko du, proban. San Gregorioko Jai Batzordeko kideek herenegun arratsaldean egin zuten bilera. Emakumeen harri-tira taldea ateratzeko «erronka» bota dute, eta ataundarrak parte hartzera animatu ditu. Neskek soilik osatuko dute taldea.
Kantu eta dantza lehiaketa
Festetako bigarren berritasuna, eta Jai Batzordeak animatzeko dei berezia egin duen bestea, kantu eta dantza txapelketa herrikoia da. Irailaren 3an izango da, San Gregorio egunez, arratsalde partean.
Abesti lehiaketari dagokionez, hamasei urtetik gorakoek parte har dezakete, bakarka edo taldean. Bi abesti aukeratuko dituzte aurrez —izena ematerako garaian—. Kantu batek euskarazkoa izan beharko du, nahitaez; bigarrena, aukeran utzi dute.
Dantza lehiaketan aritzeko ere hamasei urte behar dira. Bikoteka ariko dira partaideak, eta hiru dantza egin beharko dituzte, tartean arin-arina eta fandangoa behintzat bai.
Kantu eta dantza lehiaketetan izena emateko epea uztailaren 20ra arte da. Sail bakoitzeko irabazleek Mutrikuko Arbe hotelean bi lagunentzat egonaldia eta gosaria jaso duten saritan.