http://youtu.be/ulPeFCDV43Q
Gogoangarria eta jendetsua izan da, beste behin, Ataunen egin duten Gau Ibilaldi Magikoa. Ipuin mitologikoak, alegiazko pertsonaiak, inguru miresgarria eta ilargi bete-betedun gauak uztarketa magikoa eragin dute, Jentilbaratza kultur elkarteak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu duten hirugarren gaueko ibilaldian. 600 pertsona inguruk egin dute San Gregoriotik San Martinerako txangoa, bi multzotan bereizita.
Gogoangarria eta jendetsua izan da, beste behin, Ataunen egin duten Gau Ibilaldi Magikoa. Ipuin mitologikoak, alegiazko pertsonaiak, inguru miresgarria eta ilargi bete-betedun gauak uztarketa magikoa eragin dute, Jentilbaratza kultur elkarteak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu duten hirugarren gaueko ibilaldian. 600 pertsona inguruk egin dute San Gregoriotik San Martinerako txangoa, bi multzotan bereizita.
Egitaraua Barandiaran Museoan hasi zen, arratsean. Multzo hidraulikoko elementuak ikusi, errotan alea eho, eta irinarekin ogi opilak egin zituzten. «Biderako indarrak hartzeko pintxo eta tragoxka bat hartuta, bi taldetan antolaturik 600 pertsona inguru abiatu ginen. Giro ederra egon zen ikusleen artean», azaldu du Jentilbaratza elkarteak.Ikusle aldetik «erantzun ona» izan duela eta, gustura dira.
Bidean zortzi antzezpen egin zituzten ataundarrek, bisitarientzat. Ibilaldia bi zatitan banatu zuten: egun argitan, Joxe Migel Barandiaran zenari eskaini zizkioten lehen eszenak, Sara etxean bertan ere bai. Abenduaren 31n jaio zela 125 urte beteko dira.
Herribide zaharrean barrena egin zuten gaueko txangoa. Bidearen erdian gaua etorri, eta zuziz eta kriseiluz argituta, gaueko izakien munduan barneratu ziren bisitariak. Kristauak, lamiak, Barandiaran bera, sorginak, Sanmartintxiki eta Torto azaldu ziren, esate baterako.
Gau itxian jada, San Martinera inguratu ahala ilargia azaldu zen, betea. Horrek ere ikusgarritasun gehiago eman zion ekimenari.
Mitologian erreferentzia
Azken hiru urteotan antolatu dute Gau Ibilaldi Magikoa, eta jendetza erakarri dute, guztietan. «Kontatzen diren ipuinak guztientzako dira, ume, gazte eta heldu. Ibilbidea ere edonorentzat erosoa da, laua da eta», zioen, larunbatean, Jentilbaratzeko Tomas Erauskinek.
Ikuskizunez harago, Ataungo ipuin eta legendak herrian zehar zabaltzea da erronka. «Eta Ataun Euskal Herrian zabaltzea. Mitologiaren inguruan Ataunek indar bat izatea nahi dugu, erreferentzia izatea arlo horretan».
Aurtengo ekitaldian, Musikiko kobako historia antzeztu dute aktore herrikoiek. Amaieran, sorginek dantza egin zuten, Akerbeltzekin. Hiru anaien ipuina ere islatu zuten, eta Tortoren eta Sanmartintxikiren arteko dema. «Berrikuntza bezala, Joxemiel Barandiaranek gaztetan eraikitako irratiaren historia antzeztu da; umore puntua eman dio ibilaldiari», dio elkarteak.
Ibilaldia Maindi Txikiko Martin Barandiarani eskaini dio Jentilbaratzak. Larunbatean hil zen, urte askoan eurekin parte hartu zuen ataundarra. Hurrengo ekitaldia urriaren 12an izango da, Ohitura Zaharren Egunarekin.
Behean, Gau Ibilaldi Magikoaren argazki sorta bat (argazkilariak: Andoni Aizpurua eta Gipuzkoako Parketxe Sarea).
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.