Bista Alaiko espedientea behin betiko artxibatzeko eskatu du Beasaingo EAJk
Beasaingo EAJ alderdiko hainbat alderdikidek, udal zinegotzik eta alkate ohiek prentsaurrekoa eman dute Bista Alaiko auziaren inguruan. Fiskaltzak salaketa artxibatzeko hartutako erabakiaren inguruan, honakoa azaldu zuen Jose Antonio Imazek: “Berriz adierazi nahi dugu harro gaudela Beasaingo Udalean 2003 eta 2011 bitartean buru egin zuten udal talde guztiek izandako okamoldearekin, Bista Alaien etxebizitza galdu zuten pertsonek eta familiek bizi izan zuten gizarte arazo larri eta konplexuari irtenbide egokia ematea bideratu zutelako”.
Fiskalak hartutako erabakiaren aurrean, “Bilduko Gobernu taldeari Bista Alaiko espedientea behin betiko artxibatzea” eskatu zioten. Prozesu honek gaur arte “Beasaingo udal-kutxari 25.000 euro inguruko gastua eragin diola” azaldu zuen, txosten, ordainsari, kontu eta aber kontuan hartuta. “Espedienteari bere horretan eutsiz gero, udalarekiko hitzarmena izenpetu duten Bista Alaiko bizilagunak zuzenean egongo dira horren eraginpean, Bilduko egungo gobernuak agindutako txosten uridikoak berak dioenez: Txostenaren IV. kapitulua, 3.2, A eta B atalak, 53, 54, 55, eta 56 orrialdeak”.
“Beste behin ere”, “Bilduk” “atzera ispiluaren politika” baliatu duela adierazi zuen Imazek: “Begirada Beasainen etorkizunean iltzaturik gobernatu, kudeatu eta konpondu beharrean, aurreko udalbatzen kudeaketa gogo gaiztoz zirikatzera mugatu da, etsaiari politikoki izen ona kentzea helburu bakar izanik”.
Prentsaurrekoa amaitzeko, “Bilduri” eskatu zion “gardentasun informatibo hutsak bultzatuta, beasaindarrei jakinaraz dakiela Gipuzkoako fiskaltzak ebatzitako erabakiaren hitzez hitzeko edukia eta artxiba dezala behin betiko Patxi Plazaola alkate ohiaren aurkako salaketa funtsgabea” eta horretarako espedientea igorri zutela jakinaratzeko erabilitako komunikabide berberak baliatzeko eskatu zien, “ez punturik, ez komarik kendu gabe” eta “balorazio politikorik batere erantsi gabe”.