
Eguraldiaren eraginez, produktuen plazaratzea urtetik urtera aldatu ohi da: Iazkoa kontuan hartuta, gereziak, aurten garaizago eta ugariago etorri dira; aranak ere, mota gehiagotakoak daude oraintxe aukeran. Atzoko nobedadea, berriz, Sanpedro udarea (2,5 euro kiloko) esanez ezagutzen dena izan zen atzo. Askotan gertatu ohi den moduan, garaiari lotutako santu izena hartu ohi dute hemengo mozkin askok; hau da adibideetako bat. Edota atzo salgai zen lehen sagar dultzea «Santio sagarrekin egina», Edurne Jauregik azaldu digunez. «Arbolatik zuzenean jateko prest beranduxeago izango da, baina eroritakoekin hasi naiz sagar dultzea egiten». Kiloa 6 euroan du salgai.
Barazkiei dagokionean, aire libreko tomateak nahikoa lanekin dabiltza aurten, tratatu arren, asko galdu baitira euriaren eta hotzaren ondorioz. «Hemengo giroa ez baita tomatentzat egokia»; esaldi hori hitzetik hortzera entzuten bada ere, urtero ahaleginak egiteari ez diogu uzten, tomatea gurean estimazio handiko produktua da

eta. Ikusi besterik ez dago zenbat kilo saltzen diren astero, eta bereziki, bere produkzioa horrerarako prestatua duen Azkoitiako Uzinen postuan.
Bestelako kontuak, berriz, lekari edo bainari lotutakoak; emankor eta laster ari dira hazten. Atzo jadanik, lehen Itaie ikusi genuen ferian; igitai formari zor dio bere izena, eta bera da leken artean «erregina», askoren ustez.
Gibelurdin ikusgarriak
Lasatarren oporrak bukatu eta plaza sarrerak bere ohiko itxura hartu du: toki handia hartzeaz gain, askoren topaleku eta berriketa gune izaten baita postu hau. Hantxe ikusgai ziren gibelurdin deigarri askoak, onddoek, zizahoriek, gorringoak, saltsa perretxiku beltzek eta boilur batzuek osatzen zuten atzoko mikologia arloko eskaintza.
12 hilabete 12 produktu
Bertako produktuak ezagutarazteko 12 hilabete 12 produktu kanpainaren barruan, Juanjo Martinez Aldasoro tabernako sukaldaria aritu zen atzo plazan, denen aurrean Baliarraingo Maria Jesus Mujikaren barazkiak prestatzen.