
Helduen danborradak iazko Santa Ana jaietan mendeurrena ospatu bazuen, umeenak mende erdi egingo du aurten. Herri guztietan bezalaxe, Ordiziako Santa Ana jaietan ere ekitaldi ugari izaten ziren etxeko txikienei zuzenduta. Katekesi taldea arduratzen zen guzti haiek antolatzeaz, udalak diruz lagunduta. Hala, 1964. urtean jaietako ekitaldi haiek egun bakar batean biltzea erabaki zuten, Haurren Egunean. Egitaraua osatuz, lehen danborrada egin zuten urte hartan bertan.
Jabier Ormazabal parrokoa duela 47 urte iritsi zen Ordiziara. Dagoeneko danborradarekin hasita zeuden arren, urte asko eman ditu haurren jaien antolaketa lanetan. Txikien danborradaren historia jasoz, Ormazabalek urte guzti horien testigantza jasotzen duten argazkiak bildu, txukundu eta D’elikatuzen jarri ditu erakusgai.
Gogoan du lehen uztailaren 28an egiten zela umeen eguna. «Jaietako azken eguna zen eta asko oporretara abiatzen ziren. Umeen egunean jendea gutxiago izaten zen herrian, beherakada zuen. Horregatik, aurreko igandera pasatzea erabaki zen», dio berak.
Txikien kuadrillen kalejirak, frontoiko berbena, zezen suzkoa nahiz bigantxak, Haurren Eguna handituz joan zen txikienen gozamenerako. Egun batean egitarau osoa garatzeko aukerarik ez, eta 1976 urtean katekesiko taldeak Haurren Eguna asteburu osoko festa bilakatzea erabaki zuen. Hala, Santa Ana jaietako lehen asteburuan txikienak dira protagonista.
Aurtengoan, asteburu berezia izango da, bereziki danborradaren urteurrena dela eta. Karroza berria prestatzen ari dira danborradarako, 6×3 metroko karroza izango da. Beste hainbat ekintza ere izango dira urteurrena ospatzeko. Hala, danborradaren egunean bertan, lehen alkateei edo danborradako lehen zuzendariari, omenaldia egingo diete.
Jabier Ormazabalek nabarmentzen duenez, haurren asteburua posible egiten dute lanean aritzen diren taldeko kideek. «Urte asko dira festa hau antolatzen dela, baina garrantzitsuena da erreleboka egiten dela, elkarri testigua pasatzen. Laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen», dio.
Errespetua, aniztasuna eta berdintasuna oinarri

Umeen asteburuarekin hasiera emango zaie aurtengo Santa Ana jaiei larunbat honetan. Ordiziako Udalak festetako ohiturak mantentzeko ahalegina egin du aurten ere, eta herriko elkarte, txosna batzorde eta beste hainbat eragilerekin batera festa herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunen aldeko apustua egin du. «2014ko Santa Ana jaiak errespetuan, aniztasunean eta berdintasunean oinarritutako festa izatea» desio du udalak. Belen Maiza Kultura eta Gizarte Ongizate zinegotziak, Jesus Mari Lariz jai eta azoketarako teknikariak, Estanda Ordizia areto futboleko Ane Garmendiak eta Txozna Batzordeko ordezkari Maddi Otamendik eman zuten berrikuntzen berri.
Maizak aurreratu bezala «festetako egitaraua mardula» da aurten, «eta hori herriko elkarte, talde eta eragileei esker izan da».
Jaiak gozatzeko eta gozarazteko direla ulertuta, hainbat ohar eman zituen zinegotziak. Uztailaren 25eko gaupasa egunerako kuadrillekin hartu ziren erabakien artean dago oinezko gunera ezingo dela arratsaldeko 17:00ak arte karrozekin sartu. Goizaldeko danborradarako, gainera, pasoa bermatuta izatea adostu zuten.
Musikaren bolumenaren autoerregulazioa eskatu du udalak eta mozorrotzeko erabiltzen diren ibilgailuak gainontzeko ibilgailuak bezala tratatuko direla gogorarazi zuen. Alde zaharrera sartuko diren ibilgailuen datuak jasoko ditu Udaltzaingoak. Iaz bezala, udalak karrozen materiala jasotzeko bilketa egingo du goizeko bederatzietatik aurrera.
çradizional asko dagoenez, aurrekontuaren %80 eramaten dute. Gainontzekoarekin ia mirariak egiten ditugu», aitortu zuen.
San Bartolome auzoa festa eremu gisa indartzeko egin den ahaleginari buruz ere aritu zen teknikaria. Haurrentzako eta helduentzako barraka berriak jarriko dituzte bertan.
Gune berean, berrikuntza bezala, Estanda Ordiziako areto futboleko nesken taldeak kudeatuta jan-edana eskainiko duen karpa bat ere jarriko da.
Erasorik gabeko festak
Txosna Batzordearen izenean Maddi Otamendik egitaraua aurkeztu eta sexu eraso, homofobo edo arrazistek txosna gunean tokirik ez dutela aurreratu zuen. Erasoen lekuko edo erasotua izanez gero zer egin jasotzen duen protokoloa prestatu dute.
Oharrak:
Bertso Eskolak tonbola jarriko du ohiko lekuan
Goierriko Bertso Eskolak tonbola jarriko dute aurten ere Plaza Nagusian. Bertan ateratako irabazia Bertso Eskola laguntzeko erabiliko da. Amaitu berri den ikasturtean, esate baterako, hamaika talde osatu dira, guztira 85 ikasle. Sari «oparoak» izango direla diote antolatzaileek: urdaiazpikoak, iberiko-loteak, barbakoak, picnic-otarrak nahiz ardo setak. Zozketa bereziak ere egingo dituzte. Boleto bakoitza, berriz, euro batean salduko da. Asteburu honetan eta datorrenean irekiko dute, 18:00etatik goizaldeko 02:00etara.
Ikurrina jartzeko deia egin du Ordiziako Udalak
Etxeetako leihoetan eta balkoietan ikurrina jartzeko deia egin die udalak herritar guztiei jai egunetarako.
Zabor bilketaren ordutegian, aldaketak
Jaietako haurren asteburua dela-eta, Ordiziako Udalak zabor bilketarako ordutegia zein izango den zehaztu du. Hala, bihar eta etzi eguerdian egingo da bilketa; egunean egunekoa. 13:30etik 15:30era izango da hondakinak ateratzeko ordua; bilketarekin, berriz, 15:30ean hasiko dira. Datorren asteburuan ere, 24tik 27ra, ordutegi bera izango du zabor bilketak.
Garraio zerbitzuan ere aldaketak izango dira
Jai egunetan autobus geltokietan aldaketak izango dira. Beasain aldera doazen Goierrialdeako autobusak Otegi-eneako geltokian hartuko dira. Burundesa, Alsa eta Pesako autobusak, berriz, Beasainen hartuko beharko dira.