‘Santamarinak’ eta ‘Madalenak’ ospatuko dituzte Aztirian eta Alegian
Festa egarriz dabilenak izango du non aukeratua asteburuan Goierrin; izan ere , Santamarinak eta Madalenak ospatuko dituzte Aztiria eta Alegia auzoetan, hurrenez hurren. Aztirian, gaur hasiko dituzte jaiak, eta igandera arte luzatuko dira. Alegian, berriz, gaur eta bihar festa giroan murgilduko dira, eta ondoren asteartera arte, atsedenaldia egingo dute. Egun horretan, berriro zenbait ekitaldi izango dituzte.
Aztiria auzoko Santa Marina jaiak herrien eta elkarteen arteko elkarlanaren emaitza dira; auzo txiki honen zatirik handiena Gabiriako udal barrutian dago; alabaina, etxebizitza batzuk Legazpiko aldean ere badaude.
Gaur ekingo diete festei auzotarrek; horretarako, ezkil joaldia eta suziri jaurtitzea egingo dituzte 10:45ean. 11:00etan, meza ondoren, Aztiri Bat elkartean hamaiketakoa egingo dute Elustondo anai-arreben trikitixa doinuek lagunduta.
19:00etan, auzotarrentzako bola eta toka lehiaketak antolatu dituzte; geroago, 21:00etan, auzoko bizilagunek Aztiri erretegian afalduko dute. Afalostean, erromeria egingo dute trikitilariekin.
Bigarren festa egunean, kirol ekitaldirik ez da falta izango; 11:00etan, VIII. helduen eta gazteen arteko futbol partida jokatuko dute Gainzabal zelaian; 16:00etan, berriz, jubenil mailako XXIV. Aztiriko Txirrindulari proba izango dute.
18:00etan, patata tortilla lehiaketa egingo dute. Ondoren, Elorza eta Larrañaga trikitilarien doinuak lagun, pintxo eta ardo banaketa egingo dute. Horrez gain, aurreko egunean bezala, 19:00etan, bola eta toka txapelketa egingo dituzte.
Gauean, trikitilariekin erromeria izango dute. Gainera, 24:00etan, txerri-harrapaketa, egingo dute. Goizaldean, txokolatada egingo dute.
Festetako azken egunari Gabiriako txistularien goiz eresiak emango dio hasiera; ondoren, 11:00etan, festetako ekitaldi esanguratsuenetako bat egingo dute: Aztiriko IX. Mendi lasterketa.
Lasterkariek aurrez eman beharko dute izena, eta bost euro ordaindu beharko dute; parte hartzeko gutxienez 16 urte eduki behar dira.
11:00etan hasita, 11,5 kilometro egin beharko dituzte lasterkariek. Lehen sailkatuek trofeoak eta diru sariak jasoko dituzte; irabazleak 60 euro, bigarrenak 40 eta hirugarrenak 30. Lehen gabiriarrak edo legazpiarrak ere trofeoa jasoko du. Sari banaketa 13:00ean egingo dute. Era berean, parte-hartzaileen artean produktu sortak zozkatuko dira.
Bestalde, goizean, meza nagusiaren ondoren, auzoko nagusiari omenaldia egingo diote, eta 12:00etan, Gabiriako Goruntz dantza taldeak emanaldia egingo du.
Festak bukatzeko, herri-kirol erakustaldia egingo dute 18:30ean, eta ordu erdi geroago probintzia mailako bola txapelketa jokatuko dute. Ilundu arte trikitilariak jotzen ariko dira.
Madalena jaiak Alegin
Aztiriaren moduan, Alegia auzoa ere hainbat herriren artean banatuta dago; Ezkio-Itsasoko, Ormaiztegiko eta Gabiriako lur eremuak hartzen ditu.
Auzo honetan ere, gaur hasiko dira jaiak. Hasiera emateko, urteroko moduan ,sagardo festa egingo dute, 19:00etan; sagardoa dastatzeaz gain, pintxoak jateko aukera ere izango dute bertaratuek.
21:00etan, Dantzaki taldeak erakustaldia egingo du; salsa, pasodoblea, tangoa eta beste hainbat estilo dantzatuko dituzte. 21:30ean, sagardo festa osatzeko, oilaskoa gehituko dute, eta afari herrikoia egingo dute. Gauean, festan jarraitzeko, Joselu Anaiak musika taldearen dantzaldia izango dute.
Bihar, berriz, mus txapelketa izango da eguneko lehen ekitaldia, eta 16:00etan jokatuko dute. Gauean, trikitixak lagunduta, herri afaria egingo dute, 21:00etan. Afaltzera joan nahi dutenek ohiko lekuetan eman beharko dute izena.
Alegian, Aztirian ez bezala, igandean eta astelehenean ez dute ekitaldirik izango; alabaina, asteartean, Madalena egunean, berriro ekingo diete festetako ekintzei.12:00etan meza izango dute, eta amaieran, Ezkio-Itsasoko abesbatzak emanaldi laburra egingo du.
Meza ostean, Gabiriko Goruntz dantza taldeak ikuskizuna egingo du. Jarraian, hamaiketakoa egingo dute. Festak amaitzeko, 17:00etan umeentzako puzgarriak jarriko dituzte auzoan.