Aurrera doan bidea
Ormaiztegiko Irizar enpresak 125 urte daramatza bidean; ez da beti zoru lauean ibili, eroso eta zuzen; bihurguneen zirrara ere sentitu izan du. Era askotako paisaiak ikusi ditu, eta urtetik urtera, ingurune berrietara moldatzen ikasi du. Egun, ikuspegi ederra dauka aurrean.
Duela 125 urte sortu zen Irizar, eta ordutik hona, handituz eta aldatuz joan da. Egun, 3.500 langile eta sei autobus lantegi ditu munduan zehar banatuta; horrez gain, dibertsifikazio industrialaren eraginez, beste bost konpainia ere baditu, eta ikerketa aplikatuan eta bere produktuen eta sistemen garapenean lan egiteko zentro teknologia ere badu.
Halaber, 2016rako beste lantegi bat irekitzekoa da, estreinatu berri duen i2e autobus elektrikoaren ekoizpena eta merkaturatzea garatzeko.
Azken hiru urteetan, sekulako emaitzak izaten ari da Irizar, eta iazko urtean, inoizko daturik onenak izan zituen, 556 milioi euroko fakturazioa eginda.
Gurdietatik autobusetara
5.368 autobus ekoitzi zituen enpresa ormaiztegiarrak iaz, eta munduko 90 herrialdetan baino gehiagotan du presentzia Irizarrek. Datu hauek ikusita, ez da erraza duela 125 urteko negozioa irudikatzea.
Irizar enpresa 1889an sortu zuten. Jose Francisco Irizar ormaiztegiarrak piztu zuen egungo enpresaren su handiko lehen txinparta. Aroztegi jabea izana beti, urte horretan, gurdigintza tailer bilakatu zuren bere negozioa.
Jose Franciscoren semeek, Jose Lorenzok eta Ceciliok, aitaren lanarekin jarritu zuten, baina pixkanaka negozioa eraldatuz joan ziren.
1928an, bi anaiek Carrocerías Irizar Hermanos enpresa sortu zuten eta karrozeriak jartzen hasi ziren.
Hogei urteren buruan, dagoeneko hirugarren belaunaldiaren ardurapean, beste aurrera pauso esanguratsu bat eman zuen enpresak bere bilakeran, eta autobusak fabrikatzeari ekin zion; artean, hori bai, egiturak egurrezkoak ziren.
1954an egitura metalikodun autobusak egiten hasi ziren. Garai hartan 5 eta 10 unitate bitartean ekoizten zituzten urtean, eta batez beste 400.000 euroan saldu ohi zituzten.
Gurdi- gurpilak egiten hasi zen enpresa txikia pixkana haziz joan zen. 1960an, kapitala bikoiztuta, Irizar Sozietate Anonimo bilakatu zen.
Handik bi urtera, Irizarren geroan berebiziko garrantzia izan zuen erabaki bat hartu zuten. Martin Irizarrek enpresako langileak Arrasatera (Gipuzkoa) eraman zituen hango hainbat kooperatiba ezagutzera.
Hiru urte lehenagotik Arrasaten hedatzen ari zen mugimendu kooperatibo hura arrotza zen Irizarko langileentzat. Alabaina, 1963an Irizar kooperatiba bihurtu zen.
Erabaki hura hartzea ez zen batere sinplea izan. Izan ere, kooperatiba hori eratzeko bazkideek 50.000 pezeta jarri behar zituzten; dirutza garairako. Baina zailtasunak zailtasun, inbertsio hori egitea erabaki zuten, eta urte amaiera oparoa izan zuten, gainera; 1963ko azken hilabeteetan 30.000 pezeta irabazi zituzten itzulkinetan.
Oparotasunak, ordea, ez zuen, luze iraun, eta 1964an, aurreko urtean irabazitakoa galdu egin zuten.
Zenbait urtez joera horrekin jarraitu zuten, urte batean irabazitakoa hurrengoan galdu egiten zuten; emeki-emeki, ordea, karrozeriak perfekzionatu zituzten, eta garaian garatzen ari ziren mekaniketara egokitzen jakin zuten. Egokitzapen lan horretan Migel Mari Irizarrek lan esanguratsua egin zuen, eta Irizarren ekoizpena handitzea lortu zuen.
1990. hamarkadaren hasieran, arazo ekonomiko larriak zituen Irizarrek, eta esportazioak ere eskasak ziren. Urte horietan, ildo estrategiko berriak diseinatu zituzten. Hala, 1993an, Irizarren historiako autobus arrakastatsuenetako bat ekoiztu zuten: Century autobusa.
Garai oparo baten hasiera izan zen hura, eta orduko irabaziekin estatuan zein atzerrian inbertsio garrantzitsuak egiteko baliabideak lortu zituzten. Horrela, orain ezagutzen dugun Irizar itxuratzen hasi zen.
1995ean, nazioartera hedatzeko prozesuari ekin zion Irizarrek, eta produkzio lantegiak ezarri zituen Txinan, Marokon, Brasilen, Mexikon, Indian eta Hegoafrikan.
516 milioiko fakturazioa izan du Irizarrek 2013an; inoizko fakturazio onena 2016rako beste lantegi bat irekiko du estreinatu berri duen i2e autobus elektrikoa ekoiztekoEra berean, urte hartan, Hispacold eta Masats enpresak Irizar taldeko parte izatera pasa ziren. 2008an, bazkideen %88ren babesaz, Mondragon taldetik atera zen Irizar, Mondragon korporazioak behar zituen malgutasuna eta bizkortasuna eskaintzen ez zizkiola argudiatuta. Hurrengo urtean, krisi garai bete-betean, Irizarrek estrategia birplanteatu behar izan zuen, eta orduan hartutako norabideak inoizko emaitzarik onenak izatea ahalbidetu dio. Ormaiztegiko enpresak marka indartzeko ahalegina egin zuen, eta autobus fabrikalatzaile bihurtu zen. Horretarako, teknologiaren eta dibertsifikazioaren aldeko hautua egin zuen. Dibertsifikazioaren estrategiaren barruan, 2009 eta 2013 urteen artean Jema Energy, Datik eta Alconza enpresak gehitu ziren Irizar taldera, potentzia elektronikoaren, garraioaren kudeaketarako ITS irtenbideen eta makinaria elektrikoaren arloan diharduten enpresak. Bestalde, munduko bezeroengana gerturatzeko, produktuak eta zebitzuak tokiko beharretara egokitu zituen enpresa ormaiztegiarrak, eta horrek hazkunde nabarmena eragin zuen, batez ere, Mexikon eta Brasilen. 2011an estrategia horien emaitza merkaturatu zuen: lrizar markako lehen autobus integrala. Berrikuntzan inbertsioa Irizarrek, berrikuntzaren balioaz jakitun, Creatio ikerketa eta garapen zentroa sortu zuen 2012an, Irizar taldea teknologikoki garatzeko xedez. Baina ezbairik gabe, enpresaren berrikuntzak aplikatzeko egin duen lana ondoen islatzen duen adibidea Irizar i2e autobus elektrikoa da. Duela bi aste aurkeztu zuten autobusa Donostian, eta dagoeneko Gipuzkoako hiriburuko autobus zerbitzuan da. Halaber, joan den ostiralean, 125. urteurreko festa antolatu zuten Irizarren, eta ekitaldian, instalazio berriak aurkeztu zituzten. Irizar gurdien erritmo mantsoz abiatu zen duela 125 urte; baina, egun, abiadura biziz, aurrerantz doan enpresa da, eta ez dirudi datozen urteetara begira ere, gelditzeko asmorik duenik.