
Hirugarren urtez, Amerikako Estatu Batuetako ikasle talde bat Maizpiden izan da, euskara ikastaro trinkoa egiten. Ipar Amerikako Euskal Etxeen Elkargoaren (NABO) bidez, hango euskal etxeetan geroz eta gehiago dira ikasketari heltzen dioten lagunak, asko Euskal Herriarekin lehendik loturarik gabeak. Itxaso Cayero (Boise, Idaho, AEB, 1989) da programaren arduradunetako bat. Lazkaon izan da, eta bide batez Bizkaiko amama bisitatu du.
Ipar Amerikan ere euskara irakasten ari zarete. Maizpidera etorri zarete.
Hirugarren urtea da AEBetako pertsonak ekartzen. Denak ez dira gure ikasleak, baina hara itzulitakoan gehienak hala bihurtzen dira. NABOren barruan, nik topatzen ditut ikasleak, euskal etxeetarako. Batzuek Internet bidezko Boga sistemaren bidez ikasten dute, beste batzuk guregana etortzen dira…
Zer profil dute Lazkaora etorri diren ikasleek?
Bat izan ezik, beste guztiak hutsetik hasi dira. Sei lagun dira, jaiottzez denak estatubatuarrak. Batzuek gurasoak edo aitita-amamak euskaldunak dituzte, beste batzuek ez. Bat norvegiarra da. Lehendik dakiena Mary da, eta Idahon klaseak hartzen ditu, astean bi ordu. Hori da guk egin ahal dugun guztia. Euskal Herriko gauza kulturalak ez dituzte oraindik ulertzen.
NABO erakundeak zer lan egiten du?
Lehenengo eta behin, nahi duguna da irakasleak topatzea. Edo, orain ikasle direnak, gero irakasle izateko trebatzea. Ikastaroak egiten ditugu, materialak prestatu ikasleentzat eta astero bidaltzen dizkiegu. Ikasle gehiago ere topatzen saiatzen gara. Horretarako publizitate asko egiten dugu, bideo asko. Euskara ikus dadin nahi dugu, euskal kultura zabaltzeko. Azken batean, euskara eta kultura batera baitoaz.
Euskara ikusi, esan duzu?
AEBetan gastronomia erraz ikusten da. Mus jokoa ere bai, asko gustatzen zaie musean jokatzea. Baina euskara ez da ikusten. Orain hasi da kalean jendea berba egiten. Lehen, nahiz eta aitita-amamek jakin, euren artean justu-justu egiten zuten, baina gazteekin ez. Transmisioa galdu egin zen. Orain berreskuratzen ari gara. Beraz, hori da gure helburu bat. Korrika egiten dugu, San Antontxu festa talo eta txorizoz ospatu, Umeen Eguna, kalean abestu, pintxo-potea, euskal dantzak irakasten ditugu baina dena euskaraz… Datorren urtean da Jaialdia ere, Boisen.
Langintza horrek guztiak non du bilgunea, Boisen ala AEB osoan?
Euskal etxe guztietan. Guk eurei laguntzen diegu, ekimenak egin ditzaten. Jarraitzea da gauza, leku guztietan egiten da zer edo zer desberdina.
Esan duzu AEBetan kalean gehiago entzuten dela euskara. Presentzia goraka doala nabaritu duzue?
Goraka doa, eta euskaraz dakitenen kopurua ere gora doa. Ingelesa beti izango da nabarmena, norbaitek euskara ez badaki beti pasatuko dira ingelesera. Hori hemen ere gertatzen da, gaztelaniarekin. Baina afari batean entzuten da euskara. Orain gazteek ere egiten dute; hori nahi dugu.
Euskal etxeek gaur egun zer funtzio betetzen dute AEBetan?
Hemendik joaten direnek badute norbait ezaguna. Gure familia bihurtzen dira, eta leku bat topatzen diegu bizitzeko. Hori, hemendik joaten direnentzat. Hangoentzat, komunitate bat da, etxe bat. Badakite han norbait egongo dela, zer edo zer behar badute. Ondo pasatzeko lekua ere bada: musean jokatu, lagunartean afaldu… Euskara eta euskal kultura ez galtzeko lekua da euskal etxea. Amerikar lagunei nongoak diren erakusteko balio die. Harrotasun leku bat ere bada.
Boisen duzue Euskal Herritik kanpora dagoen ikastola bakarra.
Boisen bizi naiz. Han ikasi nuen karrera, eta boluntario moduan Boiseko ikastolan aritu nintzen. Irakasle egon nintzen, bost urtez. Ikasle asko ditu. Bi urtetik seira joan litezke, haur eskola modukoa delako. Haurtzaindegiak han pribatuak dira, eta edozeinetara joan beharrean, euskara ikas dezakete umeek. Gero, Lehenengo Mailara joaten direnean, irakasleak-eta harrituta gelditzen dira: «Badakite irakurtzen? Zelan da posible?». Noski, euskara dakitelako, eta euskaraz irakurtzea ingelesez baino askoz errazagoa da. Irakaskuntza arautuan euskara galdu egiten dute apurtxo bat, batez ere etxean egiten ez badute.
Hezkuntza sistema arautuan sartutakoan, zer aukera dute haurrek euskara eta euskal kultura jasotzeko?
Euskal etxeko klaseetara joanda, umeenera edo nagusienera. Gurasoei bide eta bitarteko asko ematen dizkiegu: Interneten non topatu marrazki bizidunak euskaraz… Esperoz zer edo zer egingo dutela etxean.
Baina geroago Maizpidera datoz.
Bai, eta horregatik nahi dugu bide hori zabalduta eduki. Hemezortzi urterekin, unibertsitatean Boisen ikasi ordez, Euskal Herriko unibertsitatera etortzen dira batzuk, edo Lazkaora ikastaro bat egitera, udan. Inoiz euskara ikasteko aukera nahi dutenentzat, hona etorri eta ikas dezaketela ziurtatzea da gure asmoa. Estatubatuar askok ez dute bidaiatzen; eurentzat, hau ikusitakoan, «ai ama, beste leku batean ere badaukat etxea» esatea da. Hemen etxean bezala sentitzen dira.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Aurrera goaz. Teknologiari esker askoz arinago egin ahal ditugu gauzak. Behar duguna da interes gehiago, oraindik.