Inma Berriozabalen egoera salatzeko elkarretaratzea egin zuten iaz, Beasainen.
Preso gaixoak kalera lemapean manifestazioa egingo dute abuztuaren 9an, Donostian. Gaixo dauden presoen eskubideen aldeko hainbat plataformak deitu dute manifestaziora. Besteak beste, “salbuespenezko espetxe politikak” presoentzat “zorigaiztoko ondorioak” dakartzala salatu dute, baita haien senideentzat ere. Horrekin batera, larriki gaixo dauden pertsonen giza eskubideak errespetatzea galdegin dute. Protesta 17:00etan abiatuko da, Bulebarretik. Egoera horretan dago, besteak beste Inma Berriozabal zegamarra.
Berriozabalen egoera
Berriozabal 2008ko urtarrilean atxilotu zuten 18/98 auzian epaitua eta zigortua izan ostean, baina osasun arazoak zituela eta, 30.000 euroko fidantza ordainduta aske utzi zuten. Alabaina, 2009ko apirilaren bukaeran berriro espetxeratu zuten, eta egun, A Lamako (Pontevedra, Galizia) espetxean dago.
Preso zegamarrak osasun arazo ugari ditu, tartean, zenbait gaixotasun kroniko. Besteak beste, B hepatitisa, hipertentsioa, asma, psoriasia, belauneko protesia, artrosia, bizkarraldeko zifoeskoliosia eta mellitus II motako diabetesa ditu Berriozabalek.
Berriozabalekin 150 dira gaixo dauden euskal presoak; horietatik hamabi gaixotasun larriekin.