Igor Esnaolak irabazi du nazioarteko erako Euskal Herriko sega liga
Gipuzkoako txapelketa ofiziala eta herrialdeko azkartasuneko lehiaketa irabazi ondoren, Igor Esnola segalari legorretarrak irabazi du hirugarren txapela ere. Almitzak antolatu duen Euskal Herriko VI. Sega Ligan onena izan da, hiru jardunalditatik bitan —Zaldibian eta herenegun Azpeitian—, eta nagusitasun osoz irabazi du. Azpeitiko Ikasberri ikastolako belardian jokatu zen 3. eta azken saioa, igandean.
Gizonezkoen artean, bakoitzak 100 metro koadro ebaki behar izan ditu, saioko, azkar eta txukun. Esnaolak denera 8:40,19 minutu erabili ditu (epaileek emandako gehigarria barne).
Gainontzeko segalariak baino maila bat aurrerago dagoela erakutsi du legorretarrak, aurten ere. Ligan itzal gehiena beste goierritar batek egin dio: Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarrak. Bigarren sailkatu da, 9:15,23 minuturekin eta Etxalekuko (Nafarroa) estreinako saioa irabazita. Hirugarren, Bixente Mitxelena izan da, 10:01,37 minuturekin.
Goierriko gehiago ere lehiatu dira. Juan Mari Agirrezabala lazkaotarrak 6. bukatu du orokorrean (10:52,53), Joxe Atin gabiriarrak 13. (13:54,94), eta Aimar Garmendia zaldibiarra 16. postuan (13:53,69). Gizonezkoen sailean 25 segalarik parte hartu dute.
Aloña Galarraga hirugarren
Emakumezkoetan nagusitasun erabatekoa izan du iazko garaileak, Alazne Etxaburuak. Hiru jardunaldietan bera izan da onena. Ainhoa Galarraga sailkatu da bigarren, eta Aloña Galarraga idiazabaldarra hirugarren. Zortzi segalari aritu dira. Gaztetxoenean, Jon Otegik irabazi du, Unai Mitxelenaren eta Aitor Intxaustiren aurretik. Hirurek garaipen bana lortu dute, saio banatan.
Euskal Herriko txapelketako kanporaketa, ostegunean
Esnaolak, bestetik, Euskal Herriko Sega Txapelketako titulua defenditzeko bidea etzi hasiko du. Aian (Gipuzkoa), kanporaketa jokatuko da, Andatza auzoko Aristerratzuko zelaietan. Zortzi segalari lehiatuko dira, bi multzotan bereizitan. 11:30ean hasita, Esnaola, Mikel Garaialde, Iban Pardo eta Iñigo Mercader lehiatuko dira. 12:30ean, Juan Joxe Lizaso, Jon Kanflanka, Suharri Irazustabarrena eta Julen Gabirondo laukoaren multzoa hasiko da. Bakoitzak 30 minutuko lana izango du, eta multzo bakoitzetik bi segalari sailkatuko dira finalera, lau guztira. Finala abuztuaren 10ean jokatuko da, Leitzan (Nafarroa).