Kalakan taldeak bideoa grabatuko du Antioko Musikaldiaren baitan
http://youtu.be/HICPIsAMj5s Kalakan Ipar Euskal Herriko musika hirukoteak Antioko 31. Musikaldian joko du. Kontzertua bere lagun talde gisa izendatu duenarekin egingo du: Kalakan&Friends. Irailaren 13an, taldearen ikuskizuna grabatuko du Zumarragako ermitan, eta handik ateratako materiala hurrengo single-a munduan barrena aurkezteko erabiliko dute. Horrenbestez, Antioko baseliza ezagutzera emango dute nazioartean.
Kalakan Ipar Euskal Herriko musika hirukoteak Antioko 31. Musikaldian joko du. Kontzertua bere lagun talde gisa izendatu duenarekin egingo du: Kalakan&Friends. Irailaren 13an, taldearen ikuskizuna grabatuko du Zumarragako ermitan, eta handik ateratako materiala hurrengo single-a munduan barrena aurkezteko erabiliko dute. Horrenbestez, Antioko baseliza ezagutzera emango dute nazioartean.
Kalakan hirukotea Thierry Biscary Ttirritt, Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere musikariek osatzen dute. Euskal musika lantzen dute nagusiki, eta bere lanetan ahotsa eta perkusioa nabarmentzen dira. Antion ez dira bakarrik egongo, Katia eta Marie Labeque ahizpak ondoan izango dituzte. Munduko orkestra garrantzitsuekin jo duen piano bikotea osatzen dute Baionan (Lapurdi) sortutako ahizpek.
Lagun taldearen baitan Kukai dantza taldeko dantzariak ere izango dira. Jon Maya koreografoak eratutako taldeak euskal dantza tradizionala garaikide egin du hainbat ikuskizunetan. Iaz Antioko Musikaldian izan ziren, eta Oteizari buruzko ikuskizuna eskaini zuten.
Beste katebegi bat Oreka TX-eko musikariak izango dira. Hauek ere egonda daude Antion, ermita kanpoan jo zuten gauez, eta argiekin lagundutako ikuskizun aparta eskaini zuten 2008an. Oreka TX Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek osatzen dute. Bi txalapartariekin batera Mixel Ducau, Iñigo Egia eta Juango Otxandorena musikariek borobiltzen dute taldea. Txalaparta eta beste zenbait musika tresna uztartu izanagatik ezagunak dira.
Lagun taldearen azken katebegia Stonny Boyz taldea da. Dantzariak dira, Amerikako Estatu Batuetakoak, eta herrialde hartan sortutako dantza molde berriak erakutsiko dituzte Antioko baselizan. Kaleko dantzak dira, Madonna artista estatubatuarrak ezagunak egin dituenak.
Kalakan hirukotearen oihartzuna nazioartean zabaldu da Madonnarekin lan egin dutelako, besteak beste.
Sarrera mugatuak
Antioko baselizan lekuak mugatuak direnez, Zumarragako Udalak gonbidapenak banatuko ditu aurrez eskatzen dutenen artean. Eskaera egiteko 943 72 35 10 telefonora deitu behar da. Eskaera egiten dutenen artean zozketa egingo da behar izanez gero, eta zumarragarrei lehentasuna emango dietela esan du Mikel Serrano alkateak. Gaur eta etzi egin daiteke eskaera; irailaren 1, 2 eta 3an ere bai.
Kalakan&Friends taldearen kontzertuaz gain, beste lau emanaldi hartuko ditu 31. Antioko Musikaldiak. Irailaren 6an abiatuko da Donostiako Conjunto Barroco taldearekin. Kalakan taldeari Easo gizonezkoen abesbatzak hartuko dio lekukoa, eta Easoko kantariek Kirmen Uribe poeta bizkaitarra izango dute bidelajun; Uribek testuak irakurriko ditu. Antioko kontzertuei Garikoitz Mendizabalek eta Aitor Furundarenak emango diete amaiera txistua eta eskusoinua uztartuz. Kontzertu guztietara joateko doako autobus zerbitzua jarriko du Zumarragako Udalak, 19:00etan, parrokiatik irtenda.
Azken emanaldia Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian izango da urriaren 4an. Mathilde Bernard, Sara Esturillo (arpa), Ane Agirre (biola) eta Dario Castañeda (txirula). Hara joateko ere autobusa jarriko dute.
Mikel Serrano alkatearen hitzetan, «aurten ere kalitatez gainezka datorren musikaldia» antolatu dute. Alkateak, bide batez, musikaldia 1984an abiatu zutela gogoratu du, eta «musika eskaintza Gipuzkoa osora zabaltzeko udalaren eta aldundiaren ahaleginaren emaitza da». Alkatearen ustetan, «musikaldiak nazioartean erreferentzia bihurtuko ditu Antio eta Zumarraga».
31. Musikaldia
Egitaraua Antion
- Irailak 6. Donostiako Conjunto Barroco. Zuzendaria: Sergio Zapirain.
- Irailak 13. Kalakan&Friends.
- Irailak 20. Easo Abesbatza Kirmen Uribe poetarekin.
- Irailak 27. Garikoitz Mendizabal txistularia eta Aitor Furundarena eskusoinu jotzailea. *Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Egitaraua Igartubeitin
- Urriak 4. Mathilde Bernard, Sara Esturillo (arpa), Ane Agirre (biola) eta Dario Castañeda (txirula). Kontzertua 18:00etan izango da.
The post Kalakan taldeak bideoa grabatuko du Antioko ermitan Musikaldiaren baitan appeared first on Otamotz.