Agirre-Etxeberri parkea abuztuaren 4an irekiko dute
Oporren aurreko azken udalbatza egin dute Legazpin. Bertan, Kepa Urtzelai alkateak Agirre-Etxeberri parkea irailaren 4an irekiko dutela eta egun berean Aizkorri kaleko obren bigarren fasea hasiko dela jakinarazi du. Gainera, alderdi guztiek merkataritza biziberritzeko egitasmo bat eta C hepatitisari buruzko mozio bat onartu dituzte.
Udalbatza atzo arratsaldean egin zuten eta bileraren amaieran jakinarazi zuen alkateak Agirre-Etxeberri abuztuaren 4an irekiko dutela. Inaugurazio ekitaldia irailaren 6an izango da, 18:30ean. Ondoren, Lauroba taldeak joko du.
Aizkorri kaleko obrari dagokionez, abuztuaren 4an bigarren fasea hasiko da. Txorroneatik Apatxora itxita egongo da eta, beraz, autoak Kale Nagusitik joan beharko dira Patrizio Etxeberria kalera.
Bestalde, alderdi guztiek merkataritza guneak biziberritzeko programa bat martxan jartzea onartu zuten. Lokal hutsak erabiltzeko eta balorean jartzeko eta denden jarraitutasun ezarekin bukatzeko, merkatariek sei lokal hutsetako erakusleihoak erabiliko dituzte. Bi Kale Nagusian daude, bi Patrizio Etxeberria kalean, bat Nafarroa kalean eta beste bat Laubiden.
Jabeek doan utziko dituzte lokalak eta udala hauek garbitzeaz eta guztiei irudi homogeneoa emateaz arduratuko da. Egitasmoaren aurrekontua 8.950 eurokoa da. Beste lokal bateko erakusleihoa erabili nahi duten merkatarien artean zozketa egingo da eta erabiltzaileek argindarra ordaindu beharko dute.
Jabeek euren lokalak erabiltzen jarraitu ahal izango dute, biltegi bezala. Ilintiko merkatariek lehentasuna izango dute, baina besteek ere eman ahal izango dute izena. Gainera, Rakel Puente zinegotziak irailetik aurrera jarduera ekonomikoak bultzatzeko egitasmoa landuko dutela aurreratu zuen.
Bestalde, Sagrario Etxabe eta Lurdes Ugarte zinegotziei %20ko dedikazioa kentzea eta Puenteri %40koa ematea onartu zuen Bilduk. PSE-EEk eta Hamaikabatek aurka bozkatu zuten eta EAJ abstenitu egin zen. Alkateak, Puente merkataritza guneak suspertzeko egitasmoaz arduratzen ari dela eta irailetik aurrera Industria, Enplegua eta Merkataritza batzordeburua izango dela eta orain arte alkatearen ardura ziren hainbat lan hartuko dituela esan zuen.
Astearteko udalbatzan alderdi guztiek C hepatitisaren inguruko mozioa ere onartu zuten. Osakidetzari gaixotasun honen aurkako botikaren kostua bere gain hartzea eskatu zioten. Gaitz hau duela gutxira arte sendaezina zen. Egun medikazioa dago, baina oso garestia da. Munduko Osasun Erakundeak botika hau onartu duen arren, Osakidetzak ez du oraindik finantzatzen.
C hepatitisa duten legazpiar talde batek udalbatzan parte hartu zuen eta udalbatza kideei eskerrak eman zizkieten mozioa onartzeagatik. Jesus Ginek hitz egin zuen denen izenean. «Osakidetzak botika ekarri behar duela esan dute, baina aipatu duten medikazioa ez da dagoen onena. Gainera, Euskadi Irratian urtarrila arte ez dela helduko esan zuten. Botika duela bederatzi hilabete merkaturatu zuten eta tratamendua sei hilabetekoa da. Dagoeneko sendatuta egon gintezkeen».