Nerabeenak bai oporrak!
Ikasleek ia hiru hilabeteko oporraldia dute, baina uztailean behintzat Legazpi, Urretxu eta Zumarragako nerabeek ez dute aspertzeko astirik eduki. Izan ere, Urretxu eta Zumarragako Gazte Bidean zerbitzuak eta Legazpiko nerabe zerbitzuak hamaika ekitaldi antolatu dute. Azken ekintzak joan zen astean egin zituzten eta arduradunek balorazio positiboa egin dute.
Ikasleek ia hiru hilabeteko oporraldia dute, baina uztailean behintzat Legazpi, Urretxu eta Zumarragako nerabeek ez dute aspertzeko astirik eduki. Izan ere, Urretxu eta Zumarragako Gazte Bidean zerbitzuak eta Legazpiko nerabe zerbitzuak hamaika ekitaldi antolatu dute. Azken ekintzak joan zen astean egin zituzten eta arduradunek balorazio positiboa egin dute.
Urretxukoek eta Zumarragakoek txangoak egin dituzte, Donosti Cup futbol txapelketan parte hartu dute eta argazki lehiaketa batean parte hartu dute. Nerabeak Andoain, Zestoa, Pasaia eta Zumaian egon dira.
Uztaileko hirugarren asteburuan Zumaiako Villa Luz aterpetxean egon ziren. Lau egun eman zituzten bertan. Eguraldi ona lagun, surf ikastaroa egin zuten, herriko bi hondartzetan bainua hartu zuten, Mutrikura itsasontzian joan ziren eta flysch-a ezagutu zuten. «Ez zuten aspertzeko astirik izan. Gainera, aterpetxean Donejakue Bidea egiten ari ziren atzerritarrak zeuden eta gauetan eurekin beste beste hizkuntza batzuetan hitz egiteko aukera eduki zuten», esan du Marije Elzo Gazte Bidean zerbitzuko koordinatzaileak.
Bestalde, lehenengoz, Gazte Bideaneko neska talde batek Donosti Cup futbol txapelketan parte hartu du. Andoain, Donostia, Madril (espainiar Estatua) eta Amerikako Estatu Batuetako taldeen aurka jokatu dute. «Oso esperientzia polita izan da gazteentzat, txapelketa honek bizikidetza lantzeko eta beste kultura batzuk ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen baitu».
Gainera, Gazte Bideanek mugikorrarekin ateratako argazki lehiaketa antolatu zuen Zumarragako jaietan. Gazteek 200 argazki inguru aurkeztu zituzten. Lehiaketa Amalur Uzkudunek eta Andoni Clavok irabazi zuten. Bi gazte hauei mugikorrarentzako osagarriak oparitu dizkiete eta datorren urteko jaietako egitarauan eurek ateratako argazkiak erabiliko dituzte.
Gazte Bidean lokala itxita egongo da abuztuan, eta irailaren 5ean irekiko ditu berriro ateak. Urretxuko eta Zumarragako udalen egitasmo honen helburua 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoen artean aisialdi hezitzailea bultzatzea da.
Hori da ere Legazpiko nerabe zerbitzuaren helburua. Legazpiarrek ere oso ekitaldi bereziak antolatu dituzte uda honetarako. Irteerei dagokienez, Hondarribiko kanpalekuan eta Madrilen egon dira. Azpimarratzekoa da azken irteera hau nerabeen ekimenez antolatu dutela. Maiatzean proposatu zuten bidaia hau egitea, baina ezezkoa jaso zuten. Hala, 13 urteko neska talde batek, gurasoen laguntzarekin, sinadura bilketa bat egin eta antolaketaz arduratzeko prest agertu ziren.
Hezitzaileek bidaiak helburu hezitzaileak izango zituela ikusi zuten eta baiezkoa ematea erabaki zuten. 33 lagun joan ziren Madrilera. Nerabeek hiru egun eman zituzten bertan. Lehenengoan jolas-parkean egon ziren, bigarrenean hiriburua ezagutu zuten eta hirugarrenean Santiago Bernabeu futbol zelaia kanpotik ikusi zuten, besteak beste.
Gainontzeko ekitaldiak
Legazpiko nerabe zerbitzuak antolatutako gainontzeko ekitaldiei dagokienez, gazteek izozki lehiaketa egin zuten eta kontsolekin jolastu zuten. Horrez gain, sukaldaritza eta zumba tailerrak eta gaubela egin zuten. Bestalde, Ocho apellidos vascos filma ikusi zuten eta ondoren filmari buruz hitz egin zuten. Bukatzeko, joan zen asteazkenean agur bazkaria egin zuten. Nerabe zerbitzuak irailean irekiko ditu berriro ateak.
The post Nerabeenak bai oporrak! appeared first on Otamotz.