Brinkolarrek San Agustin jaiak ospatu dituzte
Brinkolarrek San Agustin jaiak ospatu dituzte asteburu honetan. Eguraldi ona lagun, festak arrakastatsuak izan dira. Festa batzordeko kideek “oso giro ona” egon dela aipatu dute.
Festak ostegunean hasi ziren, mezarekin eta jubilatuen bazkariarekin. 27 lagunek parte hartu zuten. Bazkalostean, Miren Deba eta Ander Ibarguren trikitilariek jo zuten.
Ostiralean, txokolate jana, txupinazoa eta auzo afaria egon ziren. Afarian Elustondo anaia-arrebak trikitilariek jo zuten eta Iker Zubeldia eta Amets Arzallus bertsolariek abestu zuten. 60 bat lagunek parte hartu zuten. Festa batzordeko kideek bertsolariek saio “bikaina” osatu zutela eta trikitilariek erromeria “alaia” eskaini zutela esan dute. Gauerdian Beasaingo eta Oñatiko bi rock taldek jo zuten.
Larunbat goizean marrazki lehiaketa egon zen eta arratsaldean haurrentzako jolasak, buruhandiak, bola, toka eta patata tortilla lehiaketak, sardina eta txistorra jana eta Aire soinujole taldearen emanaldia egon ziren. Tortilla lehiaketa Agerrezabal baserrikoek irabazi zuten eta Etxeaundikoak bigarren sailkatu ziren. Bestalde, aipatzekoa da sardinak Odriozola arraindegiak oparitu zituela eta txistorra Jabier Ugarte harategiak. Gauean disko festa egon zen, DJ Bidurirekin, eta ondoren txerri harrapaketa.
Jaiak atzo bukatu ziren. Meza ondoren Anjel Beain eta Marianjeles Zabaleta auzotarrak omendu zituzten. Arratsaldean, puzgarriak, trikitilariak, Aurrera Atera elkartekoen txakur erakustaldia eta haurrentzako txerri harrapaketa egon ziren.
Brinkolako jaiak auzoko Festa batzordeak antolatzen ditu, auzotarren, udalaren eta merkatarien laguntzarekin. Festa batzordeko kideek eskerrak eman nahi dizkiete laguntzaile guztiei.