Goierriko turismo bulegoetan 12.201 turista zenbatu dituzte uztailean eta abuztuan
2014ko udan iaz baino turista eta bisitari gehiago pasa dira Goierriko turismo bulegoetatik gaur goizean Goiturreko ordezkariek eman dituzten datuen arabera. Ataun, Beasain, Idiazabal, Lizarrusti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zerainen 12.201 pertsona zenbatu dituzte: 6.003 uztailean eta 6.198 abuztuan, iaz baino %3 gehiago. Datu hauek Goierriko turismoa gorantz doala erakusten dutela nabarmendu du Igor Eguren Goiturreko lehendakariak.
Jasotako datuak turismo bulegoetakoak diren arren, Goiturrek bailarako ostatuetako datuak ere jaso ditu. Hain justu ere, ostatuetako egonaldietan jaso dute sorpresa gorakada “esanguratsua” izan baita Niko Osinalde zuzendariaren arabera. Abuztuan bertan 13.740 gaualdi izan dira; nekazal etxeez gain, hoteletako eta pentsioetako alojamentua asko igo da.
Turisten jatorriari dagokionez, %16 atzerritarra izan da. Edonola ere, Euskal Herrian bertan egindako kanpainek eragina izan dutela uste dute, “museotan eguneko bisitari asko sumatu baitugu”, esan du Osinaldek.
Promozioan garrantzia izan duten tresnen gainean eta produktu turistiko berriez ere aritu dira Goiturreko ordezkariak. Biharko Goierriko HITZAn jasoko ditugu xehetasun guztiak.