Legorretan euskara eta pilates ikastaroak izango dira
Legorretako Udalaren Kultura lantaldeak lanurte berrirako hainbat ikastaro antolatu ditu, eta izena emateko deialdia zabaldu zuen, atzo. Batetik, herrian bertan euskara ikasteko bi ikastaro izango dira. Bat kurtso arrunta izango da. Ikasleei matrikularen %75 finantzatuko die udalak, baldin eta klaseen %80ra joaten badira. Mailaketa proba egingo dute, norberaren maila baloratzeko; ondoren, taldeak osatzeko aukera aztertzeko, bilera bat ere egingo dute.
Beste euskara ikastaroa bereziki etorkinentzat prestatu dute, Aisa metodoan oinarrituta. Herrian bizi diren etorkinentzat da. 60 orduko iraupena du, eta 30 egunean burutuko da. Liburuak uddalak ordainduko ditu. Matrikula 18,50 eurokoa da. Tokiak kontatuak dira, baina gutxienez sei lagun behar dira ikastaroa garatu ahal izateko.
Euskara ikastaroetarako izena emateko azken eguna irailaren 19a da, udaletxean (943 08 40 00).
Pilatesa irailaren 15ean hasiko da
Bestetik, pilates jarduera ere egin ahalko da Legorretan. Irailaren 15ean hasiko da, datorren urteko ekainaren 10era arte. Ugaro herri eskolako soinketa gelan izango dira saioak, astelehenetan eta asteazkenetan 18:30etik 19:30era.
Gutxienez zortzi lagun eta gehienez hamabi behar dira, eta izena emandako ordena errespetatuko da jendea hartzeko. Ikastaro osoaren matrikula 270 euro da (30 euro hileko). Izena ahal bezain azkarren eman behar da, kultur etxean (17:00-20:00).