
Urteko martxa hartu berria dute bezero gehienek eta baita oporrak hartu dituzten saltzaileek ere, ez baitira asko izan. Eta opor hartu dutenak ere ez luzerako; «udan, nola hartuko dugu ba jai? Oraintxe daude baratzeak bete beteak eta…» zioen feriako nekazarietako batek.
Barazkiek eta fruituek ere bere martxa segitu dute. Piper urtea da aurtengoa, eta atzo, hemengo pikilloak zituen salgai Patxi Arizmendik. Ez dute besteek adina ematen eta beranduago etortzen dira, baina oso preziatuak dira (3,5 euroan kiloa). Aire libreko morroak ere bai, Ibarrako Arantxa Iparragirreren salmahaian. Leka urtea dela ere baiezta daiteke, eta atzo gutxixeago ikusi bazen ere, kolpe ederrak izan dira aurreko asteetan. Babarrun zuriak leka eta guzti (8€/Kg.) jarraitzen du eta beltzaren arrastorik ez oraindik.
Baratze lanei helduz, azalora, brokoli, bruselaza…landatuak izatea hobe honezkero, azkenetan baitaude. Aukeran, borraja, zerba, ziazerba, porrua, uraza edota eskarola…
Piku ederrak aurtengoak
Frutei erreparatuz, pikuak nabarmentzekoak, ederrak aurtengoak! Kiloko 3 euroan ziren salgai postu dezentetan. Astez aste berriz, udare eta sagar mota aukera zabaltzen ari da; Idiazabal, Gabiria eta Errezildik ekarriak bereziki. Gordinik jateko edota labean erretzeko aproposak omen, eta horrelakoetan, saltzaileen aholkuak segitzea onena.
Kontserba garaia badatorrela iragarriz, udare-tomateak ikusi ditugu kanpoko produktuak saltzen dituztenen artean. Jabier Lacalle Aguraingoak kopuru handia zuen; «asko dirudi baina garai batekin konparatuz hau ez da ezer» esaten zigun.
Udazkeneko loreak ere hasi dira, ziklamena, azalea, txilarra… neguan ere galtzen ez direnen txanda orain.
Mikologia atalean, hemengo onddorik ezean, ez askok nahiko luketen bezain oparo. Frantziatik inguratuak baziren 300 bat kilo Lasaren postuan; bertako zizahori, gibelurdin eta saltsa perretxiku beltzek osatu zuten

aukera.
Arroza barazkiekin
Zaldibiako Kixkurguneko Aitor Laskurain aritu zen atzo plazan, sukaldari lanetan. Maria Jesus Oriaren barazkiak osagai hartuta, arroz ederra prestatu zuen, pasadizoan zebiltzanen gustagarri.